Pra Lopen hirugarren izan da eta bi postu irabazi ditu behin behineko sailkapenean. Gorka Susperregik 33. tokian bukatu du munduko kopako bigarren proba.
Areitio podioan, Euskadiko maillotarekin
Ion Areitio hondarribiarra hirugarren sailkatu zen asteburuan Pra Loup herrian (Frantzia) egin den Munduko UCI Bike Trial Kopako bigarren proban eta sailkapeneko bigarren postura igo da. Atzoko superfinalean bigarrena oso gertu izan zuen hondarribiarra, baina pozik agertu zen proba bukatuta. “Asteburu positiboa, gauzak nahi bezala atera dira”, azaldu du
bere Facebook orrian”.
Krakoviako (Polonia) probako irabazle bera izan zuen Pra Loupekoak, Abel Mustieles aragoarra, eta lidergoa sendotu du. Jaun eta jabe izan zen Mustieles Pra Loupen, eta 11 zigor puntu baino ez zituen pilatu finala eta superfinala —finaleko lehen laurek jokatzen dute— batuta. Bigarren Raphael Pils alemaniarra sailkatu zen, 30 punturekin, eta puntu bakarrera geratu zen Areitio. Laugarren tokian Marius Merger frantziara sartu zen, ezustekoa emanda.
Benito Ros nafarra ez zen Pra Loupen lehiatu eta munduko kopa irabazteko aukera guztiak galdu ditu. Horrek podioa zapaltzeko hautagaien zerrenda irekitzen du eta Areitioren aukerak handitu dira. Frantziako hirugarren postuarekin Areitio bigarren jarri da sailkapen nagusian, Ros eta Rick Koekoek nederlandarra aurreratuz.
Pils 20 urteko alemaniarra Areitioren aurretik sailkatu zen. Espainiako Txapelketa irabazi zuenean Areitiok HITZAri emandako
elkarrizketan aurreratu bezala, Pils eta Koekoek dira hondarribiarrak Munduko Kopako podioa zapaltzeko aurkari nagusienak. Polonian seigarren izan zen Pils baina Frantzian lortutako bigarren postuarekin hirugarren jarri da behin behineko sailkapenean, Areitiorengandik oso gertu. Koekoek, berriz, urteko rankineko bigarren postuan dago, baina Pra Loupen huts egin zuen, bosgarren sailkatuta, eta laugarren postura jaitsi da.
Susperregi, txukun
UCIren zerrendan dagoen beste hondarribiarrak, Gorka Susperregik, 33. postuan bukatu zuen Pra Loupeko proba. Polonian 32.a izan zen eta Frantzian emaitza hori ia berdintzea lortu zuen, postu horretan bukatu zuenarekin puntutan berdindu baitzuen.
Hemeretzi urte ditu Susperregik eta aurten bigarrenez lehiatzen da Munduko Kopan. Iaz proba bakarra egin zuen baina aurten, printzipioz, txapelketa osoa egiteko asmoa du. Lehen bi proben ostean dagoeneko 89 puntu pilatu ditu hondarribiarrak, eta garrantzitsuena dena, eskarmentua, goi mailako bike-trial pilotu izatera heltzeko bide zuzenena munduko kopa baita, ibilbide zailenetan munduko onenen kontra lehiatzeko aukera ematen duelako.
Munduko UCI Bike Trial Kopako hurrengo proba abuztuaren 21ean jokatuko dute Meribelen (Frantzian). Sei proba dira guztira, azken hirurak irailean: 1ean Lillehammerren (Norvegia), 19an Moutierren (Suitza) eta 26an Anberesen (Flandria).
Munduko Kopa. Behin behineko sailkapena
- 1.- Abel Mustieles. 400 puntu.
- 2.- Ion Areitio. 265 puntu.
- 3.- Raphael Pils. 260 puntu.
- 4.- Rick Koekoek. 250 puntu.
- 5.- Lucien Leiser. 210 puntu.
- …
- Gorka Susperregi. 89 puntu.