Etzirako finkatu du Irungo Udalak uztaileko udalbatzarrerako hitzordua. Bi mozio aurkeztuko ditu bertan PSEren Udal Taldeak: bata, Ama Xantalengo Zaharren Egoitza eta Eguneko Zentroaren gaineko eskuduntza Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain har dezan, eta bestea, Txingudi ikastetxeko haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei eskola garraio zerbitzua bermatzeko eskaria luzatzeko Eusko Jaurlaritzari.
Cruzado, Paez eta San Martin mozioak aurkezten
Etzirako finkatu du Irungo Udalak uztaileko udalbatzarrerako hitzordua. Bi mozio aurkeztuko ditu bertan PSEren Udal Taldeak: bata, Ama Xantalengo Zaharren Egoitza eta Eguneko Zentroaren gaineko eskuduntza Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain har dezan, eta bestea, Txingudi ikastetxeko haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei eskola garraio zerbitzua bermatzeko eskaria luzatzeko Eusko Jaurlaritzari.
Maite Cruzado Gizarte Ongizate alorreko delegatuak azaldutakoaren arabera, udalek kudeatutako zaharren egoitzak Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu behar ditu “155/2001 dekretuak eta ondoren, 12/2008 legeak dioen bezala”.
Zentzu horretan, Diputazioak Gipuzkoako zaharren udal egoitzak bere gain hartuko dituela esan du arduradunak, baina hala ere Gipuzkoako “hamasei udal egoitzetatik bosten eskuduntza” hartuko duela momentuz bere ardurapean salatu du. Gainontzeko zentroentzako “datarik ez dago jarrita, nahiz eta foru arduradunek adierazi duten etorkizunari begira, poliki poliki, Gipuzkoako adinekoentzako sare osoa bere gain hartzen joateko asmoa dutela”.
Hortaz, Aldundiko eta Irungo Udaleko arduradunekin lantalde bat osatzeko eskaria helarazi nahi dio tokiko gobernuak foru instituzioari. Horrez gain, aldaketa ematean langileen lan baldintzak errespetatzeko eskatu du udalak.
Autobusak mantentzeko eskaria
Datorren ikasturtetik aurrera Txingudi ikastolako haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek eskola garraio zerbitzua gal dezaketela ohartarazi du gaur goizean Fernando San Martin Hezkuntza delegatuak. Orain arte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak horretarako irizpideak “malgutasunez” aplikatu dituela adierazi du San Martinek. Hala ere, irailetik aurrera egoera alda daitekeela esan du arduradunak.
Hori dela eta, espaloia zabaltzeko eta L1 autobus zerbitzua ikastetxeraino eramateko konpromisoa hartu du udalak, baina hala ere, ikastetxearen “problematika berezia kontuan hartzeko eta zerbitzua ematen segitzeko” eskaria luzatu nahi dio PSEren Udal Taldeak Eusko Jaurlaritzari.