Liga erdira iritsita, lau puntuko aldea lortu du Hondarribiak Oriorekiko. Larunbatean Getxoko Ikurrina irabazi zuen eta atzo 32 ehunenekoengatik ez zuen Zierbenan errepikatu.
Hondarribiarrak, Getxoko banderarekin
Beste bandera bat eta, oraingoan bai, lidergoa. Hori ospatu zuten atzo Hondarribian. Ama Guadalupekoak Getxoko Estropaden XXXVI. Ikurrina irabazi zuen larunbatean Algortan eta atzo bigarren izan zen Zierbenan, Petronor XXXI Banderan. San Miguel Ligako lidergoa hartu ez ezik, bigarren Oriorekiko lau puntuko aldea ireki dute Mikel Orbañanosen mutilek. Gainera, larunbatetik igandera arraunlari asko aldatu zituen entrenatzaileek eta, beste ontziek ez bezala, hondarribiarrena da aldaketekin maila mantentzeko gai dela erakutsi duen traineru bakarra.
Lehen aldia zen Hondarribiak Getxoko Ikurrina irabazten zuela. Estropada eta lidergoa, aurreko larunbatekoa errepikatuz. Oraingoan, gainera, igandean biribilduko zuten berdeek larunbateko lana, Zierbenan. Bigarren asteburuan jarraian, ehunenekoengatik ez zuen Ama Guadalupekoak Petronor Bandera irabazi, baina liga irabazteko aurkari nagusiak, Oriok, kale egin zuen eta, lan erditan, Hondarribiak lau puntuko aldea ireki du horiekiko ligan.
Algortan, Orio hasi zen aurretik eta lehen maniobra aurretik egin zuen, baina segundo bakar batera Kaiku eta Hondarribia gertu zituen. Bigarren luzean atzetik aurrera egin zuten bi ontzi berdeek eta ziabogara parekatuta iritsi ziren. Baina bigarren maniobraren ondoren itsasoko epailearen ontziak traba egin zion Kaikuren traineruari; bizkaitarren kalean sartu eta olatu handiak eragin zituen epailearen ontziak. Sestaoarren ustez, epaileek galarazi egin zieten banderagatik borrokatu ahal izatea.
Nolanahi ere, Hondarribiak hirugarren luzean tartea ireki zuen eta bukaera arte arraunketa bikaina erakutsi zuen. 19:39ko denbora egin zuen Hondarribiak, Oriok baino zazpi segundo gutxiago; Kaikuk hamar segundo galdu zituen eta liga irabazteko ia aukera guztiak. Bandera irabazteaz gain, lidergoan ziren berriro Hondarribikoak.
Zierbenan, Bermeo nagusi
Atzo Petronor XXXI Bandera jokoan zegoen Zierbenan, eta emozioa aldez aurretik ziurtatuta. Hondarribia bezperan lortutako lidergoarekin iritsi zen, moralez gainezka. Orio, lidergoa galdu berritan amorratuta, Getxon galdutakoa berreskuratzeko asmoz. Kaiku, oraindik itsasoko epailearekin haserre. Eta lehen aldiz, Urdaibaik faboritoen txandan lehiatzeko aukera izango zuen.
Indartsu iritsi dira berdeak liga erdira
Gauzak horrela, estropada parekatua izango zela zirudien, ez baitzirudien aldaketa asko egon zitekeenik kale batetik bestera, ezta txanden artean ere. Hori ematen zuen, eta hala gertatu zen, azken paladara arte ez baitzen erabaki Petronor Banderaren jabe berria. Estropada ia osoa abiadura berberean egin eta gero, 32 ehuneneko atera zizkion Bou Bizkaiak Ama Guadalupekoari. Kaikuk azken ziabogaraino Hondarribiaren erritmoari eutsi zion, baina ezin izan zion eutsi eta helmugan zazpi segundo galdu zituen. Oriok, bestalde, bigarren luze kaxkarra burutu zuen eta azkenean hamasei segundo galdu zituen.
Bigarren aldia da aurten segundo baino gutxiagogatik Hondarribiak bandera galtzen zuela, baina oraingoan ia garaipena bezala ospatu zuten hondarribiarrek bigarren postu hori, ligarako aurkaria nagusia oso atzean sartu zela ikusi zutelako. Seigarren izan zen Orio, eta dagoeneko lau puntu daude bien artean ligan, berdeen alde. Kontuan izan behar da traineru horia zela aurrean larunbateko estropada hasi aurretik.
Pasaitarrak, igandean hobe
San Miguel Ligan jokatzen duten Pasaiako bi ontzientzat asteburu gazi-gozoa izan zen. Bermeo ohorezko txandan lehiatzeak San Juani kalte egin zion, lehen txandan atera behar izan baitzuten. Kalte edo mesede, sekulako estropada egin baitzuten arrosek, bosgarren geratzeko.
San Pedro bezperan baino hobe aritu zen eta Astilleroren aurretik sartu zen, ozta-ozta bada ere. Ligan berdinduta daude eta badirudi azken egunera arte ez dela jakingo bietako zein libratuko den jaitsierako play-offetik.
Larunbatekoa, eta aurreko estropadetakoa, igandean hobetu zuen bestea Portugalete izan zen, bigarren txanda irabazi eta laugarren bukatu baitzuen. Tiran zazpigarren izan zen eta zaila izango du aurten berriro ohorezko txandan lehiatzea.