Pedro Alegre kirol delegatuak egindako adierazpenak gezurtatu nahi izan ditu EH Bilduk gaur goizean emandako prentsaurrekoan. "Gardentasun falta" leporatu dio Jokin Melida taldekideak Alegreri, 2011. urtetik kirol azpiegituretarako jasotako diru laguntzak ia "2 milioi eurokoak" izan direlako. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datu publikoak ezagutarazi ditu koalizio abertzaleak adierazpenak justifikatzeko.
Jokin Melida prentsaurrekoan
“Gardentasun falta” leporatu dio EH Bilduren Udal Taldeko Jokin Melida hautetsiak Pedro Alegre Kirol delegatuari. Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol azpiegituren inbertsioak gauzatzeko diru laguntzen inguruan aste honetan Alegrek egindako adierazpenen harira prentsaurrekoa eman du gaur koalizio abertzaleak. “Momentura arte diputazioan aurkeztutako proiektuen inguruko informaziorik ez dugu jaso; ez behintzat EH Bilduk, ez dakigu gainontzeko udal taldeek jaso duten. Horren gainetik, garrantzitsuena da herritarrek ez dutela proiektuen gaineko informaziorik jaso”, gaineratu du Melidak.
Taldekidearen aburuz, Alegrek “ez du egia esan”. Izan ere, kirol alorrean “historikoki diru gehien jaso duen hiria izan delako Irun”. Zentzu horretan, azken diru partidan 115.000 euroko kopurua kenduta, “1.850.000 euro jaso ditu udalak EH Bilduren legegintzaldian zehar”. Denera beraz, ia 2 milioi euro jaso ditu Irungo Udalak kirol azpiegituretarako 2011. urtetik.
Adierazpenak justifikatzeko aldundiaren datu publikoak ezagutarazi ditu Melidak: Behobiako Mendipe pilotalekurako 49.952 euro (2013); Mahai Tenis Teknifikazio Zentroa eraikitzeko 600.000 euro (2011-2013); eta San Jose Langilea futbol zelairako 1.200.000 euro (2011-2012).
Bukatzeko, eskua luzatu nahi izan dio koalizio abertzaleak PSEren udal gobernuari “ezkerrerantz, gardentasunerantz, eta elkarrizketa eta parte hartze bideak irekitzeko”.