Arkitektuak lagunduko du herritarren zalantzak argitzen
Hondarribiko Udalak bulego bat egokitu du Zuloaga Etxeko bigarren solairuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aztertu nahi duenak aukera izan dezan. Astelehenetik ostiralera irekita egongo da, 10:00etatik 13:30era, eta Laida Juanikorena arkitektoa bulegoan egongo da ordutegi horretan, joaten direnen zalantzak argitzeko.
Maiatzaren 29ko osoko bilkuran onartu zuten HAPOa, eta egun horretatik hasita 45 eguneko epea ireki zen aztertu eta nahi izanez gero alegazioak aurkezteko. Hainbat eragilek epe hori zabaltzeko eskatu zuten. EH Bilduk eta Abots Anitzek, esaterako, 45 eguneko epea HAPOa jendaurrean erakusten jartzen zen egunetik hastea eskatu zuten. Udalak eskaera horiek aintzat hartu ditu eta irailaren 19ra bitarte izango da helegiteak aurkezteko epea, hau da, bulegoa ireki dutenetik 45 egunera.
HAPOa etorkizuneko hiria garatzeko tresna ezinbestekoa da, datozen hamar urteotan zer egin daitekeen eta zer ez zehazten baitu. Aitor Kerejeta alkatearen esanetan, bide luze bateko urrats bat da: “HAPOaren hasierako onarpena urrats bat gehiago da Hondarribiko arau subsidiarioen berrazterketaren bide luzean. Zalantzarik gabe, izango dugun proiekturik garrantzitsuena da, zinegotzi eta Alkate garen aldetik. Hemen zehazten ari garena hemendik 15-20 urteko Hondarribia da”.
Hori horrela, “ahal den neurrian interesatuei informazioa erraztu” nahi dietela gaineratu du Kerejetak: “Udal webgunean informazioa ikusi eta jaisteko atal berria prestatu dugu, Hiriko mapa digital eta interaktiboaren gainean web-plataforma berria, Hondarribiko planoak ahal den modurik errealenean ikustea errazten delarik. Gainera, kontsulta eta alegazioak Zuloaga Etxean bertan egin daitezke astelehenetik ostiralera”.
Udal webgunearen eskuinean
banner bat jarri dute propio. Bertan sartuz gero, memoria, planoak, edo bideragarritasun eta iraunkortasunari buruzko azterketa ikus daitezke eta nahi den informazio guztia jaisteko aukera dago (goiko menuko HAPO atalean).
Gehiago jakin nahi duenak
e-postaz edo telefonoz, 943 11 12 38 telefono zenbakira deituta, eskatu dezake.