Udaleko Berdintasun azpisailak eraso sexisten kontrako protokoloa jarriko du martxan madalenei begira. Horrela, erasoen aurrean nola jokatu azaltzen duten pegatinak eta txartelak atera dituztela jakinarazi dute,
Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu, erantzun! leloarekin. Tabernetan, txoznetan eta elkarte gastronomikoetan egongo dira: pegatinak bertako arduradunek jarriko dituzte ikusgai dagoen txoko batean —emakumeen komunetan— eta txartelak bezeroentzako izango dira.
Garazi Lopez de Etxezarreta, eraso sexisten kontrako protokoloa aurkezten
Errenteriako Udaleko Berdintasun zinegotziak, Garazi Lopez de Etxezarretak azaldu duenez, jaietan “jendarte arauak malgutzen dira”, eta horregatik “garrantzi berezia hartzen du elkarri errespetatu eta elkabizitzarako jarrerak bultzatzeko beharrak”. Horregatik ostalariekin harremanetan jarri dira, “jaietan jende gehien biltzen den tokia delako”, sentsibilizazio kanpaina aurrera eramateko eta errespetuzko eta tratu oneko harremanetarako ekintzak martxan jartzeko.
Horrela, balizko erasoen aurrean udaltzainekin harremanetan jartzeko gonbidatu du Lopez de Etxezarretak. Izan ere, kanpaina horretan sartuta daude, eta udaleko gizarte zerbitzuekin zein gizarte arloarekin elkarlanean ari dira.
Protokoloaren nondik norakoak
Lopez de Etxezarretak eraso sexisten protokoloaren xehetasunak azaldu ditu. Horrela, eraso sexistak definitzen ditu protokoloak: “emakume izate hutsagatik euren kontra zuzendutako jokabideak dira, gizonek emakumeen gaineko botere-harremana izatea helburu dutenak”. Eraso horiek emakumeen independentzia ukatzen dute, eta “irainak, ukitzeak, jazarpena, eraso fisikoak edo bortxaketak izan daitezke”. Beste eraso mota bat heterosexualitatetik at dauden aukerak ez errespetatzea da.
Taberna eta txoznek puntu lilaren pegatina jarriko dute, protokoloaren arabera. Berdintasun zinegotziak esan du ez duten establezimenduei helaraziko zaiela. Horrez gain, eraso baten aurrean nola jokatu zehazten duten urratsak azaltzen dira —pegatina eta txarteletan laburbilduta daude—:
- Emakumearekin hitz egin eta bere egoerari buruz galdetu.
- Jarrera matxista edo gogaikarria duen pertsonari gelditzeko eskatu edo espaziotik bota.
- Erasoa jasan duen emakumea lasai egon daitekeen leku batera eramatea eta laguntza eska dezakeela esan.
- Emakumeak egoki baderitzo, udaltzainei deitu 943 34 43 43.
- Foru Aldundiko gizarte zerbitzuak (udaleko orduetatik at): 112.
- Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko telefono atentzioa: 900 840 111.
- Errenteriako Udalaren gizarte zerbitzuak: 943 44 96 04 (astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:00etara).
- Laguntza medikoa jasotzeko 112 telefono zenbakira deitu Iztietako anbulatoriora jo.
- Ertzaintzari abisua pasa 112 telefonoaren bitartez.
- Emakumeari galdetzea bere konfiantzazko nork lagun dezakeen. Ez badu erabakitzen, bakarrik ez utztea.
- Gerta daiteke emakume batek momentuan ez erabakitzea zer egin. Kasu horretan Errenteriako gizarte zerbitzuen eta Eusko Jaurlaritzaren telefono zenbakiak ematea.
- Udaltzainen parte hartzerik ez bada, hurrengo egunean abisua pasatzea.