Paco Bueno antolatutako boxeo gaubeila
Boxeo gaubeila egingo dute etzi iluntzean Beraungo pista balioanitzan (lehen frontoi irekia zena). Alfonso Gonzalez
Zamorita Paco Bueno gimnasioko arduradunak esan duenez, Errenteria-Oreretari “aspaldi ikusi gabeko zerbait” eskaini nahi diote. Horrela, boxeolari profesionalen arteko bi borrokaldi eta amateurren beste bost egingo dituzte. Gaubeila 20:00etan hasiko da, ohi baino lehenago. “Ea horrela ikusle gehiago hurbiltzen den”, argitu du Zamoritak. Sarrera orokorrak 12 euro balio ditu, aulkian 15 eta hamar urtera arteko umeek bost euro ordaindu beharko dituzte.
Jon Nagore errenteriarrak debuta egingo du profesional mailan. “Normalena, etxean estreinatzea da”, esan du Zamoritak. Pisu erdiastunean ariko da, Jose Fandiño asturiarraren kontra. Pisu ertainean, Paco Buenoko Roger Matiuz baionarra Alacanteko Jair Ramirezen kontra lehiatuko da. Amateurren borrokak honakoak izango dira:
- Pisu arina: Anthony (Gasteiz) – Jon Nuñez (Bilbo).
- Pisu superarina: Sebastian Suarez (Anoeta) – Marvin (Gasteiz).
- Pisu superarina: Eñaut Basaroro (Anoeta) – Marcos David (Gasteiz).
- Pisu erdiastuna: Lander Zubiri (Paco Buenoko trintxerpearra) – Gaizka (Anoeta).
- Pisu ertaina: Mohamed (Paco Bueno) – Mehdi (Anoeta).