"Txingudiko hezeguneen kudeaketa aktiboa" eskatu dute
Hainbat auzo elkarte, talde naturalista eta erakunde ekologista biltzen duen Bidasoaldeko Lagunak kolektiboak Txingudiko hezeguneen kudeaketa aktiboa bultza dezatela eskatzen die administrazio publikoei.
Behean sinatu dugun Auzo Elkarteen Federazioak eta talde naturzaleek eta ekologistek komunikatu honen bidez adierazi nahi dugu poztasunez eta itxaropenez jaso dugula Txingudi Babesteko eta Errekuperatzeko Plan Berezia sinatu zuten instituzioak (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun eta Hondarribiko udalak) azkenean bildu egin direla aipatu egitasmoaren garapenean aurrera egiteko. Era berean, positiboki baloratzen dugu herriko talde politikoek eta Irungo gobernu taldeak gizarte erakundeen iritzia jakiteko erakutsi duten interesa.
Hala ere, ezin dugu ahaztu 20 urte baino gehiago igaro behar izan direla aipatutako instituzioak mahai baten inguruan esertzeko eta Txingudiko babesa eta errekuperazioa behin betiko gauzatzeko proposamenak eta lehentasunak aztertzen hasteko. Lerro hauen bidez nahiko genuke instituzioen ordezkariek ulertzea behingoz hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi dela, eta elkarrekin lan egiteko garaia dela Txingudiko babesak azken bi hamarkadetan ezagutu duen geldialditik ateratzeko.
Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzea nabarmendu nahi dugu. Lehengoratze ekologikoa behin betiko gauzatzea eragozten duen espazioaren okupazioaz gain, ezin dugu ahaztu bi aktibitate horien elkarbizitza ezinezkoa dela, kirol jarduerek behar duten irisgarritasun, argiztapen… baldintzek modu esanguratsuan kaltetzen baitiete hainbat babes figura autonomiko, estatuko eta nazioartekoen bidez (Plan Berezia, ZEC, ZEPA eta RAMSAR hitzarmena) babestutako hezegune honen fauna eta flora basatiari.
Zubietan (Hondarribian) berkokatzeko apustua egiten ari dela jakin dugu, eta horrek, denbora, kudeaketa eta borondate kontuak direla eta, kezkatu egiten gaitu, izan ere, gai hau Hondarribiarentzat ez baita inoiz lehentasunezkoa izan, eta beti beste interesekin lotu egin dutelako (parke teknologikoa).
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Irungo Udalari, Irunen bertan, balizko beste kokapen batzuk seriotasunez aztertzea eskatzen diogu, bai oraingo azalerakoak edo handiagoakoak, baina ahaztu gabe gaur egungo Plaiaundiko kirol instalazioek bi hektarea betetzen dutela, eta horri eman behar zaiola erantzuna lehenbailehen.
Plan Berezian dauden gainontzeko inguruneen problematikak ere seriotasunez eta erantzunkizunez mahaigaineratzea galdegiten dugu, izan ere, ez baita onargarria horietako gehienak (Bidasoko Irlak, Osinbiribil, Alunda, Lastaola…) gaur egun akordioa sinatu zen garaian zeuden bezala jarraitzea.
Era berean, erakunde guztiei galdegiten diegu ere, 2015eko eta datozen urteetako diru aurrekontuetan lege betebeharrak eta hartutako konpromisoak aurrera eramateko beharrezko aurrekontu sailak onartzeko.
Txingudiko hezeguneen babesaren bidean, Lapurdiko instituzioekin elkarrekin lan egitera animatzen diegu ere, biodibertsitatearen kudeaketan negatiboki eragin dezaketen proposamenak baztertuz. Hendaiako paduraren ertzean altxatutako plataforma proposamen kaltegarri horien adibiderik argiena eta tristeena iruditzen zaigu.
Txingudiko hiru hirien arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako balizko lotura nabarmendu nahi dugu, nazioarte mailan babestutako naturgune honen lehengoratze prozesuan eragin kaltegarririk ez izateak nahitaezko baldintza izan behar du eta. Horretarako, guztiz beharrezkoa iruditzen zaigu Bidasoa ibaiaren ertzetatik eta Plaiaunditik ahalik eta urrutien gelditzea.
Azkenik, datozen bileretan, sinatu dugun Auzo Elkarteen Federazioaren eta talde naturzaleen eta ekologisten ordezkaritza bat egotea eskatzen dugu, horrela, Txingudiko ondare naturalaren kudeaketan gizartearen parte hartzea bermatzeko.
Bidasoaldeko Lagunak. Bidasoko Eguzki, Itsas Enara elkartea, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, SEO/ BirdLife, Oiasso 2000 auzo elkarteen federazioa.