San Migel-Anaka eremuko lanak
Lehen fasean 10.271 metro koadroko azaleran jarduten ari dira beharginak, eta Anaka eta San Migel artean “konexio ona, segurua, lasaia eta ondo argiztatua” osatzea da helburua Jose Antonio Santano alkatearen hitzetan. Izan ere, bisita egin dute gaur goizean udal gobernuko ordezkariek alkatea buru zutela, eta obrako arduradunek. Kontent agertu dira lanen erritmoarekin eta abuztuaren lehen hamabostaldirako bidexka berria eta egokitutako ingurua irekitzea aurreikusi dute. Bidexka berria Julian Sanchez parkearen parean kokatuta egongo da.
Alkateak azaldutakoaren arabera, hurrengo fasean Letxunborro hiribide ondoko eremuan jardutea aurreikusi dute. Bertan kirol azpiegitura bat eraikiko dutela esan du alkateak. Era berean, hurrengo pausoan bertako lantegiak eraitsi eta inguruko etxebizitzak eraberritzeko diru laguntzak bideratuko dituzte.
Hala, Agerre kaleko etxebizitzen inguruan alkateari galdetuta, horietako batzuk ere eraitsi beharko dituztela esan du, “zehazki 2 eta 4 zenbakiak, eta Zubimuxuko biribilgunetik gertuen dagoen etxebizitza, bi eremu horietarako aurreikusitako hobekuntzen barruan eta Agerre kaleko ordenazio planari jarraituta”.
Momentuz, lanak Leka Enea ikastetxeraino iritsiko direla azaldu du alkateak eta ez harago. Gainera, bi urteko haurrentzako gelak eraikitzen ari dira Leka Enean, eta beraz, aldaketa “nabaria” izango dela onartu du alkateak.
Lehen lan horien aurrekontua 147.905,88 eurokoa izan da.