Oriorentzat izan da Gipuzkoako Txapelketa, Hondarribiaren aurretik
Ama Guadalupekoa bigarren geratu da 6 segundora, San Juan hirugarren, 29ra, eta San Pedro laugarren, 47ra.
Oriok irabazi du gaur arratsaldean Zumaian egin den Gipuzkoako Traineru Txapelketa, 19:42ko denbora eginez. Orio eta Hondarribia ziren faborito nagusiak eta gainontzeko taldeekiko nagusitasuna erakutsi dute. Ama Guadalupekoa bigarren geratu da sei segundora. Lehen bi ziabogetan bi segundu atzetik joan dira hondarribiarrak, baina hirugarren luzean Orio indartsuago azaldu da; tartea bost segundora zabaldu du eta azken luzean lehen postuari eusten jakin izan du.
Hirugarren txandan lehiatu dira Orio eta Hondarribia, Pasaiako bi trainerurekin batera. San Juan hirugarren izan da Gipuzkoako Txapelketan, Oriotarrengandik 29 segundora, eta San Pedro laugarren, 47ra. Aurreko bi txandetako ontzi guztien denborak hobetu dituzte hirugarren txandakoek.
Illunbek bigarren txandan bogatu du, Zumaia, Getaria eta Donostiarrarekin. Trintxerpekoek txandako hirugarren postua eskuratu dute, Donostiako ontziaren aurretik. Oriorekiko minutu bat galdu du Illunbek.
Hibaika azken postuan sailkatu da, bi minutu eta bi segundora. Lehen txandan atera dira oreretarrak, Zarautzekin. Lehen ziabogan ja atzean geratu dira eta ezin izan dute euren arraunketarekin gozatu.