Ama Guadalupekoa traineruko aurrekoa den Gonzalo Carrionen arabera, gaur, topera irtengo dira Gipuzkoako Txapelketan. Joan den asteburu bikainaren ondoren, igandean ligako lidergoa kendu nahi diote Oriori bere etxean.

Errekorra eta bandera lortu zituzten Pedreñan
Aurreko asteburu bikainaz gozatzeko apenas astirik gabe, itsasora aterako da gaur berriro Ama Guadalupekoa. Zumaian izango da, eta Gipuzkoako Txapelketa jokoan. Ligan bezala, berde eta hori koloreak dira gaur irabazteko faboritoak.
Gonzalo Carrionek, Hondarribiko ontziko aurrekoak ziurtatu du gaur topera joango direla, baina begi bat heldu den asteburuko estropadetan izango dute hondarribiarrek. Helburua, ligako sailkapenean Orioren aurretik jartzea, non eta horien etxean.
Zer moduz zaudete moralez asteburukoa eta gero?
Ondo. Denboraldia hasieran egin genuen planifikazioa betetzen ari garela ikusten dugu. Gipuzkoako Txapelketa baino lehen gure lehen bandera lortu dugu, eta hori bilatzera atera ginen bai larunbatean, bai igandean, Oriori hurbiltzeko nahi horretan ea zer ateratzen zen.
Larunbatean garaipen handia, erakustaldia emanaz. Ez dakit zuek gozatu ote zenuten?
Bai, Pedreñan oso gustura gelditu ginen. Emaitzak ezagututa, bagenekien gure arerio nagusia zela Orio, gure ondoko kalean zegoena, eta atzean uztea lortu genuen. Ehunetik ehuna eman genuen. Primerako estropada izan zen larunbatekoa, gozatzeko modukoa.
Markel haurrari eskaini zenioten bandera.
Zoritxarrez aurreko astean hil zen mutikoa istripuz. Elkarteko bazkidea zen, gazteena, lau urterekin. Gertatu zen bezala, eta lau urteko haurra izanda, taldean erabaki genuen ea egiten genuen estropada on bat bere omenez, eta begira, oso ondo atera zen, Pedreñako estropada eremuko errekorra, garaipen handia, bandera. Gutxienez balio dezala min hori arintzeko.
Horrelako helburu bat izateak, kasu honetan, bandera haurrari dedikatu nahi izateak, horrek indarra ematen al du?
Taldea, gure lana egitera joaten gara. Oraingoan Markelena izan da, beste urte batzuetan zoritxarrez beste gauza batzuk gertatu dira eta horrelakoetan beti taldeak bere maila eman du. 2004an Lekeitiora gindoazela istripua izan genuen eta mutil bat hil zen kotxearekin gure autobusaren kontra, estropada baino lehen. Korrika eta presaka iritsi ginen estropadara, baina bigarren izan ginen.
Ez dadila horrelakorik gertatuko, baina taldearen indarra egiten da horrelako gauzen bidez ere. Gure arteko detaile txiki batzuk dira, eta laguntzen badie bere gurasoei eta senideei min hori hobe eramaten, ba begira, astebururo egingo genuke, baina hobe ez egin behar izatea.

Urteko helburuak betetzen ari direla dio
Igandean ez zenuten irabazi, ozta-ozta. Baina Orio atzean utzita, garaipena bezala ia ia.
Igandean hiru aldaketa egin genituen, blokearen maila ez jaistean pentsatzen, edo pixka bat hobetzea, nahiz eta zaila zen hobetzea. Tanda garbia egin genuen eta hamabi segundo atera genizkion Bermeori eta baita Oriori. Baina Joseba [Amunarriz, patroia] estropada guztian ari zen esanez Kaikurekin ginela, Mikel [Orbañanos, entrenatzailea] ari zitzaiola hori esaten. “Kaiku, Kaiku, Kaiku, hor dago, ez jaitsi”, eta pixka bat agobiantea izan zen. Eta azkenean hori gertatu zen, baina ez gara kexatu behar, beste batzuetan alderantziz gertatu zaigu, kirola da, eta edozein kirolarentzat ona da irabazle desberdinak egotea.
Aurreko asteburua Oriorentzat, azkena zuentzat. Zer espero daiteke hurrengoaz?
Printzipioz asteazkenean [gaur, elkarrizketa astelehenean egin zen] Gipuzkoako Txapelketa dugu Zumaian, gu eta Orio, Orio eta gu; haien arerio nagusia gu gara. Hortik aurrera ikusiko dugu asteburuan zer gertatzen den. Daukagu Pasaian estropada berezi bat bost ziabogarekin eta gero Orion erlojuz kontrakoa, ibaian baita ere. Gure asmoa? Aurreko urtean Orion irabazi genuen eta aurten ere nahi dugu hori lortu, eta lidergoa. Hori da helburua eta politena litzateke, lortuko dugun, ez dakit. Lortzen ez badugu, gure lana egitera aterako gara.
Asteazkenean topera edo zer edo zer gordeko duzue?
Printzipioz topera. Txapelketa da eta topera joan behar da.

Neguan korrika aritzen da Carrion
Eta zu. Negua korrika, udaberria trainerilletan…
Donibane Lohitzune-Hondarribia lasterketa bukatu ondoren hiru aste atseden hartu nuen. San Silbestre gutxi prestatu nuen eta abenduaren 1ean hasi nintzen arraunean; abenduan bi gauzekin batera ibili nintzen eta urtarriletik aurrera, arrauna bakarrik.
Zure burua, nola ikusten duzu?
Printzipioz ondo. Aurten egin ditugun frogak momentuz ondo atera dira denak. Ez dakit, nik nahi dut aguantatu uda guztia horrela, eta negua, baina egunen batean krask egingo dugu [barre egiten du].
Zer ematen dizu korrika egiteak?
Aldatzeagatik pixka bat. Gustatzen zait korrika egitea eta lagun batekin hasi nintzen duela hiru urte, froga txikiak egiten. Ondo ibili nintzen eta ja hor zaudela, ba pixka bat serio entrenamendu batzuk egin… baina arraunarekin konparatuta, askoz gutxiago ibiltzen naiz korrika.