Omenaldi xume hunkigarria egin zitzaion atzo arratsean Nestor Basterretxeari Donostian, Zorroagako eliza izandako eraikinean. Artista bermeotarra larunbatean hil zen Hondarribiko etxean eta atzo hileta zibila egin zioten Gipuzkoako hiriburuan.

Txistulariek eman zioten hasiera Basterretxearen omeneko ekitaldiari
Omenaldi xume hunkigarria egin zitzaion atzo arratsean Nestor Basterretxeari Donostian, Zorroagako eliza izandako eraikinean. Artista bermeotarra larunbatean hil zen Hondarribiko etxean eta atzo hileta zibila egin zioten Gipuzkoako hiriburuan.
Zortzietan zen hastekoa ekitaldia, baina ordubete falta zela hasi zen jendetza hurbiltzen.
Akelarre eskultura zuten zain. Kukai dantza taldearen
Gelajauziak ikuskizunerako Basterretxeak utzitako lana da Akelarre, eta bere heriotzagatik elkartu zirenak, ezetz esaten ez zekien artistaren obraren ondotik sartu ziren eraikinera, azken agurra emateko. Zazpiak eta erdietarako tenplua beteta zegoen.
Txistulariek abiatu zuten ekitaldia. Kaletik eraikin barrura sartu zuten musika eta eraikina zeharkatu ondoren albo batetik atera ziren, txistuen doinuan eurekin eramanez eta Jon Maia dantzaria bakarrik utziz, musikaririk gabeko agurra egin zezan.
Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak aurkeztu zuen “denon artean prestatu dugun omenaldi xumea” eta hildakoari zuzendu zitzaion zera esateko: “zurekin hizketa egiten jarraitu nahiko genuke, hizketa hori etenda geratu dela ez dugu onartuko”. Asko izan ziren omenaldian parte hartu nahi zutenak, denentzat lekurik ez, baina aldare izandakora igo zirenak denen ordezkari bilakatu ziren, eta ekitaldi labur baina askotarikoa burutu zuten.
Artista osoa
Hunkigarria izan zen artistaren bizitza laburbiltzen zuen argazkien proiekzioa, Andoni Egañak “adiskideari” abestutako bertsoa, Patarroyo doktoreak Kolonbiatik bidalitako txioa, Jean Mixel Bedaxagarren bakarkako jarduna, txikitan abesten zituzten kantak Bermeoko lagunen ahotik korotik entzutea, azken obra prestatzeko Basterretxea lagun izan duten Kukaiko dantzarien saioa…
Jose Angel Irigarai idazleak esan bezala, Nestor Basterretxearen heriotzarekin “aro oso bat joaten zaigu, munduan kokatzeko modu bat, era berean kultua, kultura baten jabe den jarrera hori, baina era berean oso herrikoia, oso konprometitua, herrigintzan, hemengoan eta kanpokoan, askatasunarekin, justiziarekin eta elkartasunarekin zerikusia zuten auzi guztietan”. Artista osoa zen Basterretxea, artista oso gehienak baino osoagoa, eta gizarteari utzitako guztia eskertzeko Zorroagako eliza izandako eraikina txiki geratu zen atzo.
Han zen Kultura sailburu izandako garaian taldeburu zuen Karlos Garaikoetxea lehendakaria, baita Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu ere. Politikari asko, kolore askotakoak, sailburuak eta sailburu izandakoak, Basterretxearen ibilbide luzean mandatari izandakoak eta direnak, bestelako ordezkari publikoak, kultura munduko mundu bat, artistak, idazleak, bertsolariak, dantzariak, sukaldariak, kazetariak, eta herritarrak, eta lagunak, Bermeokoak, Hondarribikoak eta Euskal Herrikoak.
Biloben mezua
Etxean, eta etxekoekin inguratuta hil zen larunbatean Nestor Basterretxea, eta etxekoek inguratuta egin zitzaion azken agurra, etxekoek eta etxera bisitan joaten zitzaizkionek, eta hark bisitatutakoek. Bermeon jaio eta Hondarribian hil zen, baina herri askok zuten beretzat eta hori ikusi zen atzo Donostian, hain zen zabala bertaratu zen ordezkaritza. Artista osoa zen Basterretxea, eta osotasun horretan ukitu eta hunkitu zituenak hurbildu ziren bere adiora, lagunari agur esateko eta familiari dolumina agertzeko.
Sendiaren izenean bilobak mintzatu ziren. Denbora gutxian amona eta aitona joan zaizkie eta barrutik idatzitako lerroak irakurri zituzten bien oroimenez. Hitz ederrak, bihotzetik irten eta bihotzeraino sartu zirenak. Ordura arteko errespetuzko isiltasuna puskatuz, Maria Isabel Irurzun eta Nestor Basterretxearen biloben hitzak txalo beroekin hartu zituzten bildutakoek.
Eta gazteek, familiaren izenean, eskerrak eman zieten atzoko ekitaldiko antolatzaileei eta bertara agertu zirenei, eta azken egunetan jasotako mezuei, eta esker hitzak izan zituzten ere haien bizitza osoan ondoan izan dituzten amonarentzat eta aitonarentzat.
Gaita doinuek eman zioten bukaera Nestor Basterretxeari egindako hileta zibilari. Amaiera zirraragarria, ekitaldi osoa bezala, artista osoa zen bezala. Hutsune handia utzi du bermeotarrak euskal kulturan, baina aurrekoetan gertatu bezala, izango da hutsune hori beteko duenik, nahiz eta asko kostako den, erabateko artista baitzen Nestor Basterretxea, artista osoa, eta pertsona.