Atxilotu bat auto barruan 47 kilo haxix eramateagatik
Gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak larunbat gauean auto barruan 47 kilo haxix eramateagatik. Kamioi batek eta haren autoak talka egin ondoren atzeman zuten haxixa ertzainek. GI-636 errepidean gertatu zen ezbeharra, Irun parean. Atxilotua Errenteria-Oreretakoa da.
Ertzaintzak zabaldutakoaren arabera, istripuaren ondorioz zauri arinak jasan zituen autoko gidariak eta haren autotik dokumentazioa hartzerakoan haxix usaina sumatu eta kotxea ikuskatu zuten ertzainek. Gidariaren besaulkiaren azpian eta autoaren atzealdean aurkitu zuten haxixa.
Horrez gain, “alkoholaren eraginpean zegoela bazirudien ere, alkoholemia froga egiteari uko egin zion” gidariak. Beraz, droga trafikoa egozteaz gain, bide segurtasunaren aurkako delitua ere egotzi dio Ertzainak.
Txakurrekin egindako ikuskapenaren ondoren, “464 tableta haxix” aurkitu zituzten ertzainek autoan. Gainera, atxilotuaren Errenteria-Oreretako etxebizitza miatu ondoren “neurtzeko baskula bat eta sustantzia zuri bat zuten plastikozko lau poltsa” aurkitu zituzten.
Ertzaintzaren arabera, atxilotuak aurrekariak ditu. Atzo bertan gelditu zen Irungo Guardiako Epaitegiaren esku.