Errenteria-Oreretak itsasoarekin izandako harremana berreskuratu nahi dute udalak eta hamaika eragilek eta Atlantikaldia, Atlantikoko Herrien Musika eta Kultura Jaialdia antolatu dute horretarako.Irailaren 18tik 21era kontzertuek, artisautzak, erakusketak eta ibilaldi gidatuek hartuko dute herria jaialdi handiaren eskutik.
Atlantikaldia aurkeztu dute
Errenteria-Oreretak itsasoarekin, eta zehatzago Atlantikoarekin, iraganean izan zuen lotura berreskuratu nahi du Errenteriako Udalak. Asmo handiko proiektua prestatu du horretarako, Atlantikaldia, eta gaur eman du horren berri publikoki Julen Mendoza alkateak hainbat eragilek eta udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek lagunduta. Atlantikoko herrien musika eta kultura jaialdia izango da Atlantikaldia, eta irailaren 18tik 21era egingo dute.
Bertan, musika emanaldiak, erakusketak, artisau azoka, dantza emanaldiak, bisita gidatuak eta hamaika ekimen bildu dituzte Errenteria Udalak eta herriko eragileek. Azken horien parte hartzea ezinbestekoa jo du Mendozak gaur goizean egindako agerraldian, “herriko eragileen parte hartzea beharrezkoa da Atlantikaldia nortasunez janzteko. Herritarrak izango dira jaialdia indartuko dutenak, eta jaialdiaren etorkizuna bermatuko dutenak. Herritarrek emango diote bihotza jaialdiari”.
Oroimen historikoa, beharrezkoa
Atlantiko itsasoarekin izandako lotura berreskuratu nahiak bultzatu duela jaialdiaren antolaketa esan du Mendozak, eta Atlantikaldiaren bidez iragana berreskuratu dutela, etorkizuna eraikitzeko gaineratu du, oroimen historikoa ezinbestekotzat jo baitu “herri baten identitatea eraikitzeko”.
Errenteria-Orereta eta itsasoaren lotura azaltzeko 1590. urtera jo du Mendozak: “Urte hartatik eta 1730era bitartean Errenteria Euskal Herriko ontzigintza gune garrantzitsuenetarikoa izan zen. Neurri handi batean, itsasoari begira garatu zen udalerria, itsas merkataritzan erreferentea zen, eta udalerriaren ekonomian pisu handia zuen, portura iritsi eta ateratzen ziren salgaien kobrantzak egiten baitziren”.
Itsasoarekin lotura berreskuratu nahian, Oiartzun Ibaia izango da Atlantikaldiaren ardatza eta ibaiaren inguruan antolatu dituzte ekimen guztiak. Egitaraua hartzeko berriz, sei gune aukeratu dituzte: Gamon Zumardia, Herriko plaza, Panier, Gernika plaza, Foru plaza eta Agirre Lehendakariaren plaza. Agertoki horietan berriz kontzertu nagusiak, artisau azoka, artisautza erakusketak, musika emanaldiak, eta haurrentzako artisau lantegiak egingo dituzte.
Portugal, Maroko, Quebec…
Oarso Musika elkarteko Jon Minerrek eman du musika kontzertuen gaineko informazioa, eta musikak “pisu handia” izango duela iragarri du Atlantikaldian. Errenterian izango da Portugalgo Carla Pires, fadoaren ahotsa; Mixel Ducau eta Caroline Phillips bikoteak osatzen duen Bidaia taldea; De Temps antan, Quebec-eko hirukoa; Irlandako The Bonny Men; Hamdacha de Fes eta DJ Clikcen mestizaia, maroko eta Frantziatik, eta baita Espainaiko Estatuko Celtas Cortos taldea.
Emanaldi guztiak doakoak izango direla azaldu du Minerrek.
Alabaola elkarteko Sebas Boulnoisek eta Artiolako Jone Idiazabalek ere hartu dute hitza gaurko agerraldian eta biek Atlantikaldiaren garrantzia nabarmendu dute. Bulnoisek jakinarazi du Albaola elkarteak parte hartuko duela jaialdian eta horretarako ontzi tradizionalekin ibaian zeharkaldia egingo dutela eta eraikitzen ari diren San Juan Baleontziaren hainbat pieza Errenterian landuko dituztela herritarren aurrean jakinarazi du. Hibaikarekin elkarlanean egitaraua osatze aldera lanean ari direla zehaztu du halaber Albaolako kideak.
Idiazabalek Gamon Zumardiak hartuko duela artisautza azoka eta bertan 30 postu izango direla zehaztu du, “denak itsasoarekin zerikusia duten dekorazioa izango dute”. Artisautza erakusketa Panierrek hartuko duela gaineratu du. Idiazabalek azkenik, eskerrak eman ditu Atlantikaldia bezalako jaialdian parte hartzeko aukera eskaini izangatik.
Atlantikaldira hurbiltzen direnak ez direla damutuko esan du azkenik Mendozak eta deia luzatu die merkatari eta ostalariei, ajialdiarekin bat egin eta beraiena sentitzeko.