Porrua zenbatian?
Hori dute radarrek ona, paisaiari erreparatzeko astia eskaintzen dutela. Dagoeneko Hondarribiko bazter guztiak ezagutzen genituela uste bagenuen ere, hemendik aurrera detaile ñimiñoenari ere erreparatzeko parada izango dugu Hondarribian radarrak txanpinoien modura hazi direnetik. Onddo garaia hasia delako izango da. Boletus handiena Kostako bidean agertu zaigu.
Radar horietako baten aurretik pasatzera nindoala, errepidearen ondoko zelaian zegoen emakume batengan jarri dut begirada. Txikia izan arren, ederki moldatzen da segarekin. A ze sasoia! pentsatu dut. Egia esan, ez du ezer apartekorik, horrelakoak dira ezagutzen ditudan baserri guztietako emakumeak, indartsuak, bai fisiko eta baita izaerari dagokionean ere. Garai batekoak esan nahi dut. Gu —eta ni ere baserrikoa naizelako esaten dut— bestelakoak gara, eskasagoak. Amak esaten du belaunaldi berriak negutegian jaiotakoak garela, plastiko batek estaltzen gaituen bitartean arazorik gabe hazten garela, osasuntsu, baina estalkia kendu eta kanpoko aire zakarra sartzen denean berehala zimeltzen garela. Ez zaio arrazoirik falta.
Baserriko emakumeak, gure aurreko belaunaldietakoak, beste kasta batekoak dira. Ez dute lan ordutegirik, baina ez zaie sekula burutik pasako zortzi orduko lanaldiagatik borrokatzea; oilarraren lehen kantuarekin batera jartzen dituzte zelaira edo ikuilura joateko oinetakoak, laneguna noiz bukatuko den jakin gabe. Bai, baserriko gizonek ere hala egiten dute, baina emakumeek, normalean, etxeko karga guztiak ere —arropa garbitu, haurrak zaindu, bazkaria egin…— bere gain hartu behar izaten dituzte.
Garai bateko baserriko amonatik, buruan zapi beltza zeramana, esne saltzaile lanetan ibiltzeko gidabaimena atera zuten lehenengo emakumetaraino; galdu diren eta galtzear gauden hamaika istorio interesgarri. Zizurkilen egin zuten aurreko urtean emakume baserritarraren memoria kontserbatzeko proposamen bat. Udalak ateratako beka bati esker 500 argazki eta hainbat elkarrizketa jaso zituzten eta, hauetatik hautaketa bat eginez, erakusketa bat antolatu zuten. Emakume hauek omentzeko modu bat.
Beste bide bat gaur albistegietan entzun dudana da. Eusko Jaurlaritzak emakume baserritarren eskubideak gizonezkoenarekin alderatzeko programa bat martxan jarri ei du; baserriaren pisu handiena eraman arren, eskubide berdintasunetik urrun daudelako arlo honetan ere.
Hirugarren modu bat ere bururatzen zait. Gizarteak haien lana eta esfortzua baloratzea, gure ondarearen parte kontsideratzea. Badago Bermeon emakume arrantzale baten eskultura eta, Donostian, 1813ko sutearen ondoren hiria berreraikitzen lagundu zuen emakumearena. Agian egongo da baserritar emakumeari egindakoa, baina nik ez dut ezagutzen. Hala ere, ez dut uste emakume hauen izaera ezagututa brontzezko edo burdinazko monumentu batek ilusio berezia egingo liekeenik. Lana eta esfortzua baloratzeko beste moduak ere badaude.
Beti gogoratuko dut merkatura bere baserriko produktuak saltzera joaten den emakume batek kontatzen zizkidanak. Jendearen mespretxua, handinahikeria. Zure aurreko mahaian azak eta azenarioak dituzulako edozein tratu jasatera behartua egongo bazina bezala. Krisia izango da, eta ezin bidaiatzeak sortzen duen frustrazioa, jendea Marokoko zoko batean dagoela pentsatzera eramaten duena. Porruak zenbatian? Ze garesti! Eroskin merkeagoak dire!
Gure kulturan hain sartuta dauden jarrera hauek aldatzea baserritar emakumeei egin diezaiekegun monumenturik handiena litzateke. Iritsiko da eguna, eta ez dago hain urruti, gauzak desagertzen direnean konturatzen baikara zuten balioaz.
Aiba! Radarra!