Maletak egiteko hamar aholku
Lerro hauek irakurtzen ari zareten askok, ziur, laster egin beharko dituzue maletak —edo agian dagoeneko desegin dituzue eta oso berandu nabil lerro hauek idazten—. Maletak egin behar dituzuen horiei guztiei galdera zuzena egin nahi dizuet: zenbatetan pasatu zaizue asteburupasa baterako, astebeterako edo hilabeterako maleta egiten hasi eta arropa kopuru berbera hartzea? Edo berdin-berdin izatea otsailean Estokolmora joatea gehienez ere 5 graduko tenperatura egingo duenean, edo abuztuan Sevillara, 35 gradu baino gehiago egingo dituenean?
Maleta egitea arte hutsa da. Asteburupasa, zubipasa, astebeterako edo hilabeterako, arropa kopuru berbera sartzen dugu maletan.
Bai, lasai. Ni ere bai. Maleta badaezpada betetzen duen horietako naiz ni ere. Eta maletak egitea gorroto duen horietakoa ere banaiz, kanpora joatea izugarri maite badut ere.
Denetarako ikastaroren bat dagoen garai hauetan, gauzarik sinesgaitzenerako autolaguntza liburu bat idatzi duen norbait badagoen garai hauetan, oraindik ez dut topatu maletak ONGI nola egin azalduko didan ezer/inor. Beraz, egin dezagun maletak egiteko aholkuen top ten bat:
1) Hartu ahal den maletarik edo motxilarik ttikiena. Geroz eta handiagoa hartu, orduan eta gauza gehiagorekin beteko duzu eta.
2) Ez ahaztu hortzetako eskuila!
3) Txankletak sartu.
4) Bi niki eta galtza bakarra aski dira. Ez duzu gehiago erabiliko. Oporretan zaudenean berdin du higieneak, berdin du arropak konbinatzeak, berdin du erridikulua egiteak.
5) Adi! Maletan sartu duzun sakelakoaren kargagailua zure sakelakoarena dela ziurtatu, eta ez dela errelikia gisa-edo botatzea pena ematen dizulako jasota utzi duzun harena, edo argazki kameraren batena ez dela.
6) Boligrafo bat eraman.
7) Mini-botikina beti dator ongi: tiritak, Ilvico, Fortasec… (bakoitzak jakingo du bere mini-botikinean zer den ezinbestekoa).
8) Barruko arropa: maletan kabitzen zaizkizun guztiak eraman!
9) Boltsa huts pare bat eraman. Arropa zikinarena hustutzen duzunean bueltakoan, zure osasunaren hobebeharrez, ezta arrimatu sudurrera!
10) Kendu azkenekoz hegazkina hartu zenueneko pegatina!
Eta hala ere… beti ahaztuko zaizu zerbait, oso garrantzitsua izango dena eta behin baino gehiagotan faltan emango duzuna oporraldian zehar, duen iraupena duela ere-. Beraz, lasai. Animo. Eta ongi pasa oporrak!