Lehen sailkatuak eta kanporatuak zehaztu ditu bigarren jaialdiak
Munduko Pilota Biltzarrak antolatutako zesta puntako Binakako Txapelketako multzoen faseko bigarren jardunaldia jokatu zuten ostiralean Jostaldi pilotalekuan. 400 lagun inguru elkartu ziren zesta jaialdia ikustera eta ikuskizun politaz gozatzeko aukera izan zuten. Bi porrotekin, dagoeneko txapelketatik kanpora daude Ithurria-Aldazabal, A multzoan. B multzoan, baina, lehen faseko azken partidan erabakiko da finalerdietara zein bi bikote pasako diren.
Ostiraleko jaialdiko lehen partidan Olha-Etcheto nagusitu ziren, nahiko erraz gainera (7-15 eta 12-15). Bigarren setean Ithurria eta Aldazabal saiatu ziren, baina ezin izan zuten hirugarren seta behartu, eta txapelketatik kanpora geratu ziren, orain arteko bi partidak galdu baitituzte. Datorren ostiralean, irabazleen arteko lehia izango da, multzoko lehen postua jokoan.
Bigarren partidan, B multzoan, Erkiaga-Leo bikoteak Arbe-Enbilen kontra irabazi zuen (15-12 eta 15-10), eta finalerdietarako aukerak dituzte. Galtzaileek, lehen jardunaldiko irabazleen kontra jokatuko dute azken jardunaldian. Berriro galtzen badute, kanpoan geratuko dira eta, irabaziz gero, bikote bakoitzak lorturiko aldeko eta kontrako puntuen aldea begiratu beharko da.
Datorren ostiralean erabakiko da falta dena, multzoetako faseko azken partidak jokatuko baitituzte. Finalerdiak Plentzian, hilaren 19an, eta Mundakan, 20an, jokatuko dituzte eta finala, berriz, Hondarribian, hilaren 25ean.