Gipuzkoako eta arraunaren hiriburu izan da Donostia asteburuan. Bertan lau estropada jokatu dira larunbat eta igandean, bina eguneko. KAE ligetakoak, larunbatean.
KAE1en, sasoiko laugarrena zuten Trintxerpek eta San Pedro Bk Donostiako badian, Donostiarra-Kaiarriba VII. bandera. Getaria izan zen nagusi, eta Trintxerpe zazpigarren sailkatu zen ia minutura. Sasoia indartsu hasi zuten urdinek, baina antza denez, martxa bat jaitsi dute trintxerpetarrek, edo bat igo haren ondoan daudenek. Sailkapen nagusian erdialdean daude, lasai.
Beste kasu bat San Pedro Brena da. 11., azkenaurren, izan ziren San Pedroren harrobiko mutilak Donostian, eta sailkapen nagusian postu horretan daude, jaitsieran alegia. Taldea gaztea da, baina hala ere, hurrengo estropadetan estutu beharko dute zailtasunei ihes egiteko.
KAE2n, etxean
KAE2n, berriz, bi estropada izan dituzte asteburuan Hondarribia Bk eta Hibaikak. Larunbatean. Donostiarra V. Banderan, ez ziren ondo ibili Hibaikakoak itsasoaren eta beste traineruen kontrako borrokan, eta 12. izan ziren azkenean. Hondarribia B laugarrena izan zen, txukun.
Hibaikaren estropada izan zen, KAE2ren barruan, atzokoa, Pasaiako badian. Nabarmen hobetu zuten larunbatean utzitako sentsazioa, eta 9. izan arren, bere onera itzuli ziren errenteriarrak. Koska bt gorago egin zuen ere Hondarribia Bk, eta hirugarren sailkatu ziren. Bietan lehena Deusto ahalguztiduna izan zen. Horrela, sailkapen nagusian hirugarren dira berdeak, eta zortzigarren Hibaikakoak.