Batzuetan alde, bestetan kontra. Atzo, kontra. Hondarribiak 14 ehunenengatik ez zuen irabazi Donostian Eusko Label bandera, San Miguel Ligako bosgarrena, Pasai Donibane Koxtape-San Juan arraun elkarteak antolatua.
Batzuetan alde, bestetan kontra. Atzo, kontra. Hondarribiak 14 ehunenengatik ez zuen irabazi Donostian Eusko Label bandera, San Miguel Ligako bosgarrena, Pasai Donibane Koxtape-San Juan arraun elkarteak antolatua. Kaikuren alde oraingoan balantza, baina nabardura askorekin. Finean, asteburuan garaipen bikoitz historikoa lortzetik, ia bi garaipenera pasatu zen Hondarribia. Arraunean, baina, ‘ia’ horiek ez dute deustarako balio. 14 ehunen madarikatuak!
Dena dela, pozik egoteko moduan daude hondarribiarrak. Pedreñan erraz samar irabazi zuten bandera, eta atzoko bere txandan nagusitasuna ia erabatekoa izan zen, Kaikurengatik eta eguraldi/itsaso aldaketagatik ez balitz. Izan ere, lehen txandan egin zuen boga Jose Luis Kortaren taldeak, eta azkeneko txandara —horretan zegoen Hondarribia— haizea dezente aldatu egin zen, berdeen kontra. Emozioa izan zuen behintzat estropadak, baina GPSan batez ere, Amunarrizek bikain gidatu zuelako Ama Guadalupekoa ohorezko txandan, beste taldeei, Oriori eta Urdaibairi batez ere, inolako esperantzarik eman gabe. Begi bat itsasoan eta beste bat GPSaren datuetan izan zituzten atzo eguerdian hondarribiarrek.
Hori bai. Hondarribiak azaldu du iritsi dela, hor dagoela banderak irabazteko prest. Bide batez Orio aparretik jaitsi dute, eta Urdaibai ahalguztidunari, zigorrak zigor, abisua eman diote esanaz kontuz, hemen dagoela Hondarribia, eta gelditzeko etorri dela, banderak ematen dituzten ontzian gelditzeko alabaina.
Pasai Donibane Koxtape-San Juan eta San Pedro
San Juan ontziak Pedreñako lan eskasari buelta eman zion atzo. Bere txandan, lehenean, hirugarrena izan zen, baina beste bi txandetan eguraldia eskasagoa izan zelako abantaila hartu zieten askori, eta sailkapen nagusian seigarren postuan bukatu zuten Joseba Fernandezen mutilek. Hori da sanjuandarren lekua aurten, goitik hurbilago behetik baino, eta sorpresaren bat ematera. Gora beherak izan ditzakete, baina ez dirudi aurten sufrituko dutenik, bere postua bigarren txandan dago.
San Pedrok atzo zortzigarren egin zuen. Ligako lehen bost estropaden emaitzak ikusita, hori izan daiteke moreen tokia ligan, hortaz, hortik aurrera egiteko saiakera egin beharko dute aurrerantzean Hegoi Intxausperen mutilek baldin eta zailtasunetatik ihes egin nahi badute. Goizegi da ondorioak ateratzeko, baina goiko, erdiko eta azpiko postuak definitzen hasi dira, eta
Libia, zoritxarrez, behekoetan egonkortzen ari da. Sailkapen nagusian behetik Pedreña ahula eta puntuak hamarnaka ia pilatzen ari den Urdaibai ditu; goian, puntu batera, Astillero. Moreek saiatu behar dute aurrerantzean estropada bakoitzean ahalik eta kontrario gehien uzten atzean.
Hurrengo bi estropadak
Datorren asteburuan bi estropada klasiko izango dira. Lehena, larunbatean, Pasaian, San Pedrok antolatua. 18:30ean hasiko dira bogan hamabi ontziak. Bigarrena, igande eguerdian, Orion.