Pedro Alegre Kriol delegatua
Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol azpiegituretarako bideratu beharreko diru laguntzekin desadostasunak agertu ditu Pedro Alegre Irungo Udaleko Kirol delegatuak. Haren arabera, 7 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izan arren, 115.000 euro bideratuko dira Irunera, “aurrekontu horren %1,6a soilik”.
Irungo Udalak 4 milioi euroko kostua duten 8 proiektu aurkeztu dituela azaldu du Alegrek. Zentzu horretan, jasotako diru laguntza “ez dela justua” iritzi dio zinegotziak, “Irungo herritarrek ordaindu beharko dute gainontzekoa”.
Ildo horretatik, gainontzeko herriei emandako diru laguntzen kopurua aipatu du Alegrek: “Atentzioa ematen dit 10.000 biztanle baino gutxiagoko herri bati 700.000 euro ematea, edo 5.000 herritar baino gutxiagokoei 500.000 euro bideratzea”. Hala, “Irun Gipuzkoako bigarren hiria” dela gogora ekarri du zinegotziak.
Hezkuntza delegatu Fernando San Martinek iragan astean egin bezala, kirol arloko arduradunak ere “Irun EAEko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko administrazioen bidegurutzean egotea” deitoratu du.