Uztaileko arratsaldetan, asteartetik ostiralera, kirola praktikatzeko eta kirol berriak ezagutzeko aukera izango da Hondarribiko hondartzan, Hondar Kirolak ekimenari esker. Udaleko Prebentzio Komunitarioko zerbitzuak kudeatzen du eta, aurten, 20 gazte boluntariok lagunduko dute antolakuntzan.

Asteartetik ostiralera egiten dute, arratsaldez
Hogei gazte boluntarioren laguntzari esker, Hondar Kirolak ekintza antolatu du Hondarribiko Udaleko Gazteria Departamentuko Prebentzio Komunitarioko zerbitzuak hondartzan. Aisialdi osasuntsuan oinarritutako gazte topaketa izaten da Hondar Kirolak eta urtetik urtera handituz doa parte hartzen dutenen kopurua. Bihartik hasita, asteartetik ostiralera egingo da, 16:00etatik 20:00etara, hilaren 30a arte.
Hondar Kirolak-en antolatzen dituzten ekitaldi guztiak irekiak dira. “Hondar Kirolak X proiektuaren helburua hondartzako udal instalazioetan kirol animazioak eskaintzea da, batez ere futbol eta boleibol partiduak antolatuz. Era berean, hala eskatzen duten gazteei kirol materiala ere mailegatuko zaie”, azaldu dute antolatzaileek.
Libreki edozein kirol praktikatzeko aukera eskaintzeaz gain, erakustaldiak eta txapelketak antolatuko dituzte, gazteek kirol berriak ezagutu ditzaten eta haien artean lehiatu daitezen. Besteak beste, Hondarribia Beach Soccer Cup txapelketa burutuko da, gazte animatzaileek antolatu eta kudeatua. Bosgarren ekitaldia izango da eta, aurrekoetan bezala, Hondarribiko nahiz inguruko udalerrietako gazteek parte hartuko dute. Izena eman nahi dutenek, Hondar Kirolak hondartzan jartzen duen informazio gunean egin behar dute.
Hondar Kirolak. Ekitaldiak
- Hilaren 15etik 18ra. Hondarribia Beach Soccer Cup txapelketako bosgarren ekitaldia.
- Hilak 16, asteazkena, 17:00etan. Crossfit erakustaldia, Drakkar-Hondarribia gimnasioaren eskutik.
- Hilak 23, asteazkena. Hondartza hockey erakustaldia Realeko emakumeen belar hockey taldearen eskutik. Ondoren, praktikatzeko aukera izango da.
- Hilak 23 eta 24. Hondartza boleibol txapelketa, Fortuna Kirol Klubaren eta Gipuzkoako Boleibol Federazioaren laguntzarekin.