Ezin hobe hasi du Hibaikak emakumeen EuskoTren Liga. Pedreñako Marina Cudeyo bandera irabazi du, San Juan bigarrenari hiru segundo ateraz. Hirugarrena Zumaia izan da eta laugarrena Samertolameu. Ondorioak: batetik errenteriarrek ligako lehen bandera irabazi dute; bigarrenik, gaurko estropada EuskoTrenen jarraitzeko kanporaketako lehen saioa zenez, puntu oso baliagarriak dituzte ligan jarraitzeko, eta hirugarrenik, Iker Cortesek entrenatzen dituenentzako moral bultzada handia izan da.
Bandera ez lortu arren, antzeko egoeran dago Pasai Donibane Koxtape-San Juan elkartearen emakumeen taldea. Ez dute irabazi, baina bigarren gelditu dira. Horrek esan nahi du puntu asko lortu dituztela EuskoTrenen jarraitzeko, hau da, bihar Donostian lan txukuna egiten badute, emakumeen arraunaren elitean izango dira.
Esan bezala, gaurkoa EuskoTren Ligaren lehen estropada izan da, eta aldi berean liga horretan nor egongo den erabakitzeko lehena. Lauk jarraituko dute liga horretan (beraz, gaur eta bihar artean puntu gutxien lortzen dituzten laurak kanpo geldituko dira), eta Zumaia sailkatua badago ere, Hibaikak eta San Juanek aukera asko dituzte aurrera egiteko. Bihar, Donostian, 12:00etan hasita, ligako bigarren proba eta kanporaketako bigarren txanda batera.
Sailkapena
- Hibaika 10:56
- San Juan 10:59
- Zumaia 11:03
- Samertolameu 11:07
- Orio 11:09
- Getaria-Zarautz 11:14
- Cabo 11:22
- Santoña 12:30