Xabier Iridoy EAJren bozeramailea
Irungo EAJren Udal Taldeko Xabier Iridoy bozeramaileak tokiko gobernu sozialistaren jarrera kritikatu du komunikabideetara igorritako prentsa ohar batean. Irundarrek eutsitako presio fiskala murrizteko urrian egindako proposamenek erantzunik jaso ez izana deitoratu dute jeltzaleek.
EAJk egindako proposamenak hiru ziren denera: “Alde batetik, krisiaren ondorioak gehien jasaten ari diren familiei OHZren –Ondasun Higiezinen gaineko Zerga– tarifa murriztua aplikatzea; bestetik, 2012an Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bildu eta PSEren arteko akordioari esker etxebizitza hutsei aplikatutako %50eko igoera ordainketan deuseztatzea; eta, azkenik, 2012an egin zen plusbalioaren zergaren igoera handia, kasu batzuetan %30a baino handiagoa, berrikustea”.
Zortzi hilabete igaro ondoren erantzunik jaso ez izana kritikatu du Irioyk. Izan ere, “urriko udalbatza hartan, EAJk zuzenketak atzera botatzearen truke, proposamenak sakontasunez aztertzeko konpromisoa hartu zuen gobernu sozialistak”, azaldu du. Ildo horretan, apirilaren 9an bilera bat deitu zuela udal gobernuak adierazi du Iridoyk eta bigarren bilera bat egiteko konpromisoa hartu zuela gobernu sozialistak, “ondoren udalbatzara eramango ziren proposamenak aztertzeko”.
Hala eta guztiz ere, gaur da OHZ ordaintzeko azken eguna, eta beraz, ezer gutxi egin daiteke dagoeneko. Zentzu horretan, “interes falta” leporatu diete jeltzaleek sozialistei. Halaber, “udal gobernuaren sinesgarritasuna zalantzan geratzen dela” gaineratu du Iridoyk.