Oiartzungo udaletxea, artxiboko irudi batean
Oiartzungo Udalak jakinarazi du 2013ko bukaeratik duen diruzaintza gerakina positiboa dela, eta 2014an horrela mantentzen ari dela. Hortaz, legealdi hau defizitarekin hasi bazen ere, egun, udala saneatua dago, “azken urteetan egin diren egokitzapenekin eta plan finantzarioari esker”. Horrek esan nahi du udalak ez dituela zorrak hornitzaile eta elkarteekin, ez duela likidazio arazorik, eta ordainketa guztiak eguneratuta dituela. “Oso pozgarria eta onuragarria da hau bai erakundearentzat, eta baita herriarentzat”, esan du udalak.
Udalak oraindik baditu maileguak, baina 2008an krisia hasi zenetik horietan duen zor bizia erdira jaitsi da, “2014rako helburua da mailegu berririk ez eskatzea eta likidezia egoera mantentzea”, zehaztu du udalak. Horrek, udal erakundearen arabera, ahalbidetuko luke datozen urteetan inbertsio handiak egin ahal izatea herrian, horiek jasotzeko maileguak errazago lortuko liratekeelako.
Udal gobernuak esan du azken urteetako aurrekontuak “zuhurtziaz” landu dituztela, krisi ekonomikoagatik, “aurrekontu errealistak eginez”. 2015ean ildo beretik joko duela esan du, “koiunturala den krisi ekonomikoak Oiartzunen eta oiartzuarren bizi kalitatean ahalik eta gutxien eragin dezan”.