Steven Seagalek glamourra emango dio Blues Jaialdiaren abiapuntuari, Bentan. Lau egunez hainbat estiloren bidegurutzea izango da; New Yorkeko Taj Mahal handia omenduko dute aurten eta Texasen darabilten bluesa gertutik ezagutzeko aukera izango da.
Steven Seagalek gauerdian hasiko du bere saioa
Zine jaialdi baten glamourrarekin abiatuko da gaur Hondarribia Blues Jaialdiaren IX. ekitaldia. Nia Moore erregeak eta bere txori urdinek estreinatuko dute Benta eszenatokia eta A Contra Blues bandak dozenaka hurbiltzen joango diren musika zaleak berotu zituen ondoren. Eta gauerdiarekin, aho bete hortz utziko du bat baino gehiago jaialdiko lehen jardunaldiko azken kontzertuak, arte martzialetan aditua den eta gehienentzat zazpigarren arteagatik ezagunagoa den Steven Seagalek bere blues bandarekin emandakoa. Gutxik dakite blues talde bikaina gidatzeaz gain, munduko gitarra bilduma handienetakoaren jabe dela Seagal.
Iaz 90.000 bisitari izan zituen blues jaialdiak eta aurten kopuru hori gainditzeko moduko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Duela bi aste Donostian egindako aurkezpenean Carlos Malles zuzendariak onartu zuen harro zegoela lortutako musikari eta talde zerrendarekin: “Oso harro gaude blues jaialdi hau egunero-egunero hurbiltzen diren milaka lagun horiei eskaini ahal izateaz. Harro eta pozik gaude musika kalitate handiko eta, aldi berean, askotariko estilo, ustekabeko, jarduera osagarri eta beste jarduerez gorpuzturiko egitarau bat eskaini ahal izateaz”.
Taj Mahal omenduko dute aurten
Eta dena dohainik, hala delako aurten ere jaialdia. Kontzertu guztiak debalde izango dira, izar handienenak ere. Horien artean Taj Mahal bereizten da aurtengo egitarauko beste izenen artean. New Yorkeko sortzaile eta multi-instrumentistak jaialdiaren omenaldia jasoko du eta larunbatean joko du eszenatoki nagusian, 22:30ean. Gutxik edan dute Taj Mahalek bezain beste iturrietatik eta, dudarik gabe, bere saioa oroimenean gordetzeko modukoa izango da. Ondoren, Texas inguruan bluesa ulertzeko duten modua ezagutzeko aukera izango da hango hainbat musikari handien eskutik. Musikari horiek banaka eta haien taldeekin errepikatuko dute gaurtik igandera herrian zehar antolatzaileek banatu dituzten bost eremutan.
Larunbatean bezala, ostiralean gaualdi handia espero da, Jimmy Barnatanen ondoren taulara igoko den Gov’t Mule bandaren southern rock kutsakorrarekin. Hori ere gozatzekoa izango da, eta arratsaldeko saioak, eta zuzeneko musikarekin girotutako herri barbakoa (larunbatean) edo paella dastaketa (igandea), eta Özdemirs taldeak emango duen haurrentzako kontzertu pedagogikoa, eta Pablo Carbonell… eta igandeko goizaldera arte herrian bizituko den giroa.
Beste behin, estilo gutxik bezala bidegurutze izaten jakin izan duen bluesaren historiari buruz gehiago jakiteko aukera izango da Hondarribian, historia hori idatzi duten eta idazten ari diren protagonisten zuzeneko saioen bidez.
Gaurko kontzertuak
Benta eszenatokian
- 21:30ean Nia Moore King & The Bluebirds.
- 22:30etan A Contra Blues.
- 00:00etan Steven Seagal.