Irun Txartela hilabete honetan
Irundarrek doan erabili ditzakete udal wifi zerbitzuak eremu publikoetan. Irun Txartelari esker, hilabetearen hasieratik dago martxan ekimen berria, eta txartelaren erreferentzia zenbakia eta datu pertsonalak sartu baino ez dute interesdunek doako konexioa egin ahal izateko. Orain arte eremu itxietan eskaintzen zuen zerbitzu hori udalak, Ikust Alaia Udal Liburutegian edota Martindozenea Gaztelekuan.
Wifi zerbitzu berria, Irungo 120.000 metro kuadrotik gora plaza eta parketan eskaintzen du udalak, besteak beste Alai txoko parkean, Ensantxe Plazan, Luis Mariano plazan, Oiasso Junkal museoaren inguruetan, Sargia parkean, Urdanibian eta San Juanen. Orain arte, wifi zerbitzua ordainsu egin behar zuten erabiltzaileek, hemendik aurrera ordez, doakoa izango da. Hala ere wifi konexiorako behin behineko txartelak erosteko aukera mantenduko duela udalak jakinarazi dute, batez ere hirira hurbiltzen diren turistei begira.
4.000 eskaeratik gora
Eremu publikoetan internetarako konexioa lortzeko eta hainbat udal zerbitzuetarako sarbidea ere bada Irun Txartela. Une honetan, 4.000 biztanletik gora eskatu duela txartela esan du Pedro Alegrek, Informazioaren eta Herritarren Parte Hartze delegatuak, eta dagoeneko 930 lagunek jaso dute. Irun Txartelaren helburua herritarren eta udalaren arteko harremana errazteko sortutako tresna dela gaineratu du Alegrek.
Irun Txartela 16 urtetik gorako herritarrek eskatu dezakete. Horretarako udal webgunera jo behar dute, 010 telefono zenbakira deitu Hiritarrak Atenditzeko Zerbitzura jo dezakete.