Alarde Tradizionala
“Asebeteta” agertu da Alarde Tradizionalaren Buruzagien Batzordea aurtengo San Pedro eta San Martzial jaiekin. Parte hartzea “masiboa” izan dela-eta, eskerrak eman nahi izan ditu batzordeak komunikabideetara bidalitako oharrean. Era berean, “ohiko probokazioetan” ez erortzeagatik Alarde Tradizionalaren jarraitzaileak zoriondu ditu.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren aurka egin du bestalde batzordeak, “urtero manifestazio bat igarotzen uzteagatik ordu luzeak alarde ikusteko lekua gordetzen dutenen artean”. Buruzagiek “arduragabekeriatzat” jotzen dute Segurtasun Sailaren jarrera.
Halaber, hilaren 30ean Irunen biltzen den ordezkaritza politikoaren kontra egin du batzordeak: “Gure jaiak baliatuta adierazpen mingarriak, iraingarriak eta faltsuak egiten dituzte”. Zentzu horretan, “EAEko Auzitegi Gorenaren epaiak San Martzialeko alardeak ez duela diskriminatzen” onartzeko eta ulertzeko eskaria luzatu du batzordeak.