Hilaren 20en egingo da urteko bigarren Merka2dasoa. Orotara 40 postu jarriko dituzte bigarren eskuko askotariko produktuen sal-erosketarako.
Aurreko Merka2dasoa bateko irudi bat
Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak urteko bigarren Merka2dasoa azoka antolatuko du hilaren 20 iganderako, 10:00etatik 14:00etara. “Merka2dasoa topaleku egokia da gauzak trukatzeko eta berrerabiltzeko eta partikularrek, elkarteek edo ikastetxeek izango dute aukera jada erabiliak baina egoera onean dauden objektuak erosteko, saltzeko edo trukatzeko, esate baterako, liburuak, arropa, bizikletak, jostailuak, dekorazio objektuak eta abar luze bat”, azaldu dute antolatzaileek.
Txinzerrek antolatzen duen bigarren eskuko azokaren helburua da “herritarrak sentsibilizatzea hondakinen sorrera murrizteko beharraren inguruan, eta oraindik erabiltzeko moduan dauden objektuen berrerabilera bultzatzea”. Zerbait saldu nahi baina azokan egoterik ez duten partikularrek ere aukera izango dute, antolatzaileek kudeatuko duten gordailu-salmenta gunearen bidez. Kasu horretan, 09:00etatik 10:00etara eraman beharko dira saltzeko gauzak, arropa ezik, eta 14:00etan jaso beharko dute saldu ez dena eta salmenten dirua jasotzeko.
Azokan parte hartu nahi dutenek aste honetako larunbata baino lehen (hilak 12) eman behar dute izena,
txinzer.com webguneko azalpenak jarraituz eta fitxa betez. Zalantzaren bat izanez gero, 902 11 93 83 telefono zenbakira deitu behar dute
Urteko hirugarren eta azken azoka urriaren 4an egingo dute Irunen, Zabaltza plazan.