Madalenak hasteko hamahiru egun falta dira, eta Errenteria-Oreretako Jai Batzordeak dagoeneko lotuta ditu jarduera guztiak.
Egitarauaren aurkezpena egin dute gaur goizean udaletxean, ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak bertan zeudela. Irune Balentziagak egin du aurkezpena. Horrela, jai batzordean parte hartu duten eragile guztiak eskertu ditu lehenik eta behin: “35 eragile eta elkartek hartu dute parte egitarauaren osaketan, otsailetik uztailera, eta ardura hori udalarekin partekatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu”.
Madalenen aurkezpena, talde politiko guztietako ordezkariekin.
Txupinazoa hilaren 21ean, 19:00etan, botako dute EMKEko kideek eta Mikel Izagirrek udaletxetik. Lehenago, baina, omenduen aitortzarako ekitaldia egingo dute. Hilaren 18an izango da, Niessen kulturguneko areto nagusian, 20:00etatik aurrera. Madalenetako kartela egin duen Luz Durani gaztañoarrari saria emateko probestuko dute ekitaldia.
Berritasunak
Balentziagak hainbat berritasun zenbatu ditu. Horietako bat haurrek eta 12 eta 16 urteko nerabeek euren egitarau propioa egitea da. “Eurekin batera lan egin dugu. Ikusi genuen, batez ere gaztetxoentzako jardueretan hutsune bat zegoela egitarauan. Lehen aldiz sortu dira haurren eta gaztetxoen jai batzordeak”. Nabarmendu duenez, eguneko gutxienez jarduera bat egongo da eurei zuzenduta.
Bestalde, jaiak “berdintasunean” gozatzeko deia egin dute. Horrez gain, eraso sexisten aurkako protokoloa abian jarriko dutela iragarri du.
Egitarauaren banaketa
Udalak 9.400 liburuxka banatu ditu egitarauarekin, eta bihartik ostiralera bitartean banatuko dituzte udaletxeko arkupetan, 11:00etatik 13:00etara. Horrez gain, udalerriko bi igerilekuetan banatuko dituzte, baita liburutegian ere. Iaz bezala, auzo elkarteen laguntzarekin ere auzoetan hedatuko dute programa. Herri Biziaren
webgunean ikusteko aukera egongo da, eta QR kode baten bidez eskuratu daiteke (liburuxkaren azalean dago).
Azkenik, udalak feriazaleekin akordioa lortu duela jakinarazi dute. Barrakak iaz baino merkeagoak izango dira, eta hilaren 24an zein 27an haurrentzako eguna izango da.