Ion Areitio, Nafarroan errege
Joan den asteburuan Espainiako Trial Txapelketa irabazi zuen Ion Areitio txirrindulari hondarribiarrak, Elite Mailan. Aurretik beheko maila guztietan irabazita zuen txapela hori, eta falta zitzaiona
Ion Areitio: “Helburua ez dut aldatzen, iazko helburu berbera da”
Ez du denboraldia nahi bezala hasi baina Espainiako Txapelketan inoiz lortu gabekoa egin du, munduko bi onenak lehen aldiz gaindituz eta falta zuen txapela bakarra, Elite Mailakoa, jantziz.
Urtea ez zen hasi zuk espero bezala, Munduko Kopako lehen proban laugarren, Europako Txapelketan bosgarren… Aurreko urtean aurreneko hiruren artean bukatu ondoren espero duzu hor aurrean maila onean ibiltzea. Lehenengo proban, Polonian, ez zen izan dezepzio bat, nahiko pozik bukatu nuen laugarren postuan, eta nederlandarrarengandik [Erik Koekoek] gertu. Europako Txapelketa ez zen oso ondo atera. Finalerdietan ja nahiko kaxkar eta finalean ere gaizki, bosgarren postuan. Ez nintzen oso ondo urrun ibili baina, aurreko proban laugarren geratuta, espero nuen podioan edo ingurutik ibiltzea. Espainiako Txapelketan emaitza horiek hobetu dituzu eta lehen aldiz munduko bien gainetik geratu zara. Lehenengo postuari baino, garrantzia gehiago ematen diot Abelen [Mustieles] eta Benitoren [Ros] aurretik gelditu izanari. Asteburu hasieratik egon nintzen ondo, larunbatean berotzen hasi nintzenetik fisikoki oso ondo eta mentalki oso lasai. Lehen itzulian ez nintzen oso fin ibili, baina hortik aurrera dena ezin hobe joan zen, oso-oso gustura. Rosekin berdindu zenuen, baina ‘0’ gehiago egin zenituenez, txapela zuretzat. Hori da. Hamaika punturekin bukatu nuen, berak ere, eta berdinketa haustea zonetan egindako zero-en arabera neurtzen da —zona hanka lurrean jarri gabe pasatzea— ; nik hamar zero nituen eta berak bederatzi. Baina bigarren itzulian hanka bakarra neraman eta azken zonan atzeko gurpila zulatu nuen, eta ozta-ozta hiru hankarekin bukatu nuen zona hori; bestela, hiru hanka horiek gutxiago izango nituen sailkapen orokorrean. Horrek esan nahi al du Mustielesen eta Rosen mailara iritsi zarela? Ez, ez, onartu behar dugu oraindik beren maila dugu nirea baino askoz handiagoa edo behintzat pixka bat altuagoa dela. Baina konfiantza ematen du. Zonak ez ziren errazak, Munduko Kopako finalerdi edo final baten antzerako zonak ziren, fisikoki oso-oso gogorrak, luzeak, paso askorekin… Nik uste aurreko urteko konfiantza maila hartu dudala, eta espero dut horrela jarraitzea. Zeintzuk izango dira zure helburuak denboraldirako, iazkoen antzerakoak edo aldatu dira? Aurten Munduko Txapelketa irailean da, Norvegian. Helburua ez dut aldatzen, berbera da, super final guztietan sartzen saiatzea —finaleko lehen laurak sailkatzen dira—, eta hortik aurrera ikusiko da. Asteburu honetan ikusi da ondo ibiliz gero, lasai eta konfiantzarekin, eta dakidana eginez, hor sartu naitekeela. Iaz Rosek min hartu zuen, ebakuntza egin zioten eta ez zen Munduko Kopan aritu. Zuk podioa zapaldu zenuen, bigarren geratu zinen. Aurten nola ikusten duzu? Aurreko urtean Koekoek nederlandarrarekin lehiatu nintzen eta aurrea hartu nion. Aurten horretan saiatu beharko gara podioan sartzeko. Bien artean egongo da podioko azken koska? Bai, bien artean edo beste alemaniar gazte bat dago, Raphael Pils, Europako Txapelketan nire aurretik geratu zena. Pils ez dut baztertzen. Espainiako Txapelketatik Gorka Susperregirekin itzuli zinen kotxean Hondarribira. Bi urrezko domina kotxe berean, lehen aldia izango zen hori lortzen zela… Bera ni baino lehenago lehiatu zen, ordu bietan, ni lauretan. Ni hasi nintzenean azken itzulia geratzen zitzaion eta nik tarteka begiratzen nion, eta galdetzen nion ea zer moduz zihoan. Oso pozik zegoen, bere mailan ibili zelako. Nire txandan nirekin egon zen, laguntzen, badakielako nire maila non dagoen eta nora iritsi naitekeen eta nora ez; bera alboan izatea garrantzitsua da, segurtasuna ematen dit. Karrera bukatu eta elkarrekin itzuli ginen kotxean. Afaria genuen elkartean eta ondo ospatu genuen. Nolakoa da Susperregi zurekin alderatuta? Txikiagoa da. Teknikoki pixka bat falta zaio oraindik baina entrenamenduetan oso, oso, oso ondo ibiltzen den mutila da. Ez da nire antzera,nik karreretan entrenamenduetan baino errendimendu gehiago daukat, eta bera alderantziz, entrenamenduetan egiten dituen gauzengatik harrituta uzten zaitu, baina gero karreretan du bere puntu ahula. Entrenamenduetan bezala ibiliko balitz, kristorena izango zen bera. Urtetik urtera hobe doa, teknikoki asko hobetu du, fisikoki ere. Nik uste urte batera lehenengo hamarretan sartzeko ez duela arazo handirik izango. Iaz Munduko Kopako proba bat egin zuen eta aurten denak egiteko asmoa du. Horrek lagunduko al dio? Nahiz eta hemengo lasterketak egin, maila ematen dizuna eta nola lehiatu behar den erakusten dizuna Munduko Kopa da. Aurreko urtean bakarra egin zuen eta aurten denak egiteko intentzioa du eta horrek maila ona emango diola uste dut.2014ko Espainiako Bike Trial Txapelketa. Txapeldunak
- Elite Maila: Ion Areitio (Hondarribia, Euskal Federazioa)
- Elite Maila, 26ko gurpila: Rafael Tibau (Andaluzia)
- Emakumeen Elite Maila: Lua Vizcaino (Katalunia)
- Senior Maila: Gorka Susperregi (Hondarribia, Euskal Federazioa)
- Gazte Maila: Sergi Llongeras (Katalunia)
- Kadete Maila: Sebastian Jarillo (andaluzia)
- Haurren Maila: Alejandro Montalvo (Gaztela-Mantxa)
- Kimuen Maila: Alan Rovira (Katalunia)
- Benjamin Maila: Marti Yelamos (Katalunia)