Denboraldiko azken proba izango da. Aurreko asteburuan bederatzi domina eskuratu zituzten Euskadiko Txapelketan.
Hondarribia Arraun Elkarteak 50 arraunlari eta hamasei ontzi eraman ditu Sevillara gaurtik igandera bitartean egingo den haurren eta kadeteen Espainiako Arraunketa Olinpikoko Txapelketara (aulki mugikorra).
Joan den asteburuan maila horietako Euskadiko Txapelketa egin zuten Legution (Araba) eta HAE izan zen domina gehien lortu zituen kluba, bederatzi, bost urrezko, zilarrezko bat eta brontzezko hiru.
Proba erregina mutilen lemazaindun zortzikoa da eta bi adinetan irabazi zuten hondarribiarrek, haurretan eta kadeteetan; bi aste lehenago gazteen 8+eko Euskadiko txapela ere lortu zuten HAEko kirolariek, ez ordea nagusiena, Oriok nagusitu baitzitzaien.
Joan den asteburuan, haurretan, mutilen zortzikoa eta nesken biko ontziak lortu zuten urrea, eta lauko nesken ontziak brontzea. Kadeteetan, urrea mutilen zortzikoak, laukoak eta biko ontziak lortu zuten, zilarra nesken laukoak, eta brontzea nesken skiffak (banakoa) eta mutilen bikoak.
![HAEko kadeteen zortzikoa eta lemazaina, txapelketa irabazi eta gero](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2014/07/Kadeteen-zortzikoa.jpg)
HAEko kadeteen zortzikoa eta lemazaina, txapelketa irabazi eta gero