EAJk salatu du Bilduk atzera bora dituela "Pasaia hobetu eta biziberritzeko proposamenak"
Lehengo astelehenean bildu zen aldundian ogasun batzordea; EAJren arabera, Bilduren kontrako botoaren ondorioz bertan behera geratu dira "Pasaitarren bizi kalitatea hobetzea helburu zuten beren lau proposamenak".
Lehengo astelehenean bildu zen aldundian ogasun batzordea; EAJren arabera, Bilduren kontrako botoaren ondorioz bertan behera geratu dira “Pasaitarren bizi kalitatea hobetzea helburu zuten beren lau proposamenak”.
Eskalerillaserako igogailua, Herrerako topo geltokirako sarbidea, Antxoko Molinao, eta Lezo Donibane arteko bidegorria. Horiexek dira EAJk lehengo astelehenean aldundian izan zen ogasun batzordean defendatu zituen proiektuak. Foru Aldundiko 2013ko aurrekontuko 15 milioi euroko soberakina non eta nola inbertitu adostu zuten aipatu batzordean, eta Markel Olanok Donibaneko batzokian gaur egin duen agerraldian adierazi duenez, Pasaiako biziberritzea laguntzea helburu zuten lau proposamenak bertan behera geratu dira, Bilduk kontrako botoa eman duelako.”Bilduren partetik borondate politikorik ez dela egon salatu nahi dugu”, adierazi du Olanok.
Horrez gain, Bilduren gobernua Pasaia biziberritzeko diru ekarpenik ez duela egin salatu du Olanok: “Dirua aurreratzeko konpromisoak baino ez dituzte hartu, eta gure ustez, hori ez da inolaz ere nahikoa”. EAJren arabera, Bildu jeltzaleak gobernuan zeudela hitzartutakoa kudeatzen ari da, “oraindik burutu gabe” dutelako hitzarmena eta horrek duten “gaitasun eza” agerian uzten duela salatu du.
Olanorekin batera, EAJren udaleko bozeramaile Nahikari Otermin izan da prentsaurrekoan. Bilduren kritika ez dutela ulertzen esan du Otermin, eta “erabateko konfrontazioaren bidez”, kudeaketarako duten gaitasun eza ez ezik, akordioetara iristeko duten borondate politiko eza agerian uztea egotzi dio Bilduri.
Edonola ere, EAJk elkarlanari eutsiko diola esan du Otermin: “Ez dugu hemen utziko eta ez gara proposamen hauekin ahaztuko”.