Oier Olazabal atezaina campusean umeekin trebatzen
Aste honetan ekin diote Oier Olazabal Atezain Campusari. Atzokoan egin zuten lehen jardunaldia Larreaundiko Josu Langilea futbol zelaian eta larunbatean emango diote amaiera campusari. Bitartean, teknifikazio eskola praktikoak zein teorikoak jasotzen ari dira bertan parte hartzen ari diren gaztetxoak.
Horiek horrela, bihar eta etzi eskolekin gozatuko dute oraindik ere parte hartzaileek. Egunero ordutegi bera duten arren, jarduera ezberdinak garatzen dituzte. Lehenik eta behin, arropaz aldatu, fruta pixka bat gosaldu eta berotzeko ariketak egiten dituzte. Ondoren, bi klase praktiko egiten dituzte, tartean atsedenaldia dutelarik. Eta bukatzeko eskola teorikoak jasotzen dituzte. Larunbatean hala ere, eskola berezia izango da. Izan ere, Oier Olazabal Barcelona FCko bigarren atezainaren hitzaldia entzun ahal izango dute, eta berekin argazkiak atera eta autografoak biltzeko aukera izango dute gaztetxoek. Bukatzeko, diploma banaketa egingo dute.