Pasaiako Hasierako Lanbide Prestakuntzako (HLP) zentroan urteak daramate ikasketetan arazoak izan dituzten ikasleei prestakuntza ematen, batetik sukaldaritza-zerbitzari eta iturgintza-berokuntza alorretako prestaketa emanaz, bestetik DBHko titulua eskuratzeko ezagutza ematen. 15-18 adin tartekoentzako da Pasaiako Udalaren egitasmoa, eta ikasketa teoriko-praktikoa eman, eta enpresetan praktikak egiteko aukera emateaz gain, gazteen heldutasunean eragitea dute helburu.
2014-2015 ikasturterako HLPn izena emateko epea zabalik dago jada. Hori egiteko 943 40 48 94 telefono zenbakira dei dezakete interesdunek, baita cip@pasaia.net posta elektronikora idatzi ere. HLP Bidasoa kaleko 1-3 zenbakietan dago, Trintxerpen.
Bi urteko lantegiak dira HLP zentroak eskaintzen dituenak, bai sukaldaritzakoa zein iturgintzakoa. Lehen urtean batik bat aukeratutako lanbidearen gaineko ezagutza, DBHko prestakuntza, eta orientazio eta tutoretza zerbitzua ematen zaie ikasleei. Bigarrenean, aldiz, hiru horiez gain, 350 orduko praktikak enpresetan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloko atariko probarako prestakuntza ematen da.
Arrakastatsuak
Sukaldaritza-zerbitzari lanbidea edo iturgintza-berokuntza sektorean lanean hasi nahi duten gazte askori formazioa eman die azken urteetan Pasaiako HLPk. Askok lana topatu dute. Eta azken urteetan gizartean sukaldaritzarekin harremana duten gaiek, Pasaiako Udalaren tailerrek barne, gorakada izan badute ere, iturgintza-berokuntza eskaintza nabarmendu dute HLPtik.
Izan ere, bertan egindako bi urteak bukatzean, Don Boscon Erdi Mailako ikasketak egiteko aukera dutelako ikasleek, eta berez iturgintza-berokuntza ikasketak jasotzeaz gain, besteak beste, energia berriztagarrien munduan sartzeko aukera dagoelako, lan merkatuan txertatzeko aukerak ugalduz.