Rekaldeko bizilagunekin bildu dira udal ordezkariak. Argazkia: Udala
Madrilgo Gobernua eta Eusko Jaurlaritza Iturrin industria gunean egitekoak diren tren geltoki intermodalaren proiektuarekin kezkatuta daude bizilagunak. Hala jakinarazi zioten pasa den ostegunean udal ordezkariei gaiaren gainean hitz egiteko egindako bileran. Ainhoa Zabalo alkatea, Eneko Lartige Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako arduraduna eta Leire Beteta Ingurumen teknikaria bildu ziren Rekaldeko bizilagunekin.
Udal ordezkariek, bi aldiz bildu direla Eusko Jaurlaritzako teknikariekin azaldu zuten osteguneko bileran, baina momentuz ez dagoela informazio gehiegi jakinarazi zieten Rekaldeko auzotarrei. Aurreproiektua badagoela eta planoak ikusteko aukera izan dutela gaineratu zuen Zabalok. Auzotarrak tren geltoki intermodalaren proiektuaren kontra azaldu dira, eta zenbait ekintza egingo dituztela iragarri zuten udal ordezkariekin izandako bilkuran, laguntza ere eskatu zieten azken horiei. “Ahal dugun neurrian lagunduko ditugu bizilagunak, udala ere ez datorrelako bat egitasmoarekin”, esan zuten udal ordezkariek.