Basako eta Tudelenea
Basako. Izan zitekeen Afrikako Kongoko herri bat. Baina uste duzuna baino gertuago duzu. Farolarako bidean. Arroka Berriren gainaldean. Txingudi badiaren sekulako bistak dauden parajean.
Tudelenea. Zimizarga auzoa. Txiplau-Montañenea-Botika hirukiaren barruan kokatutako landagune zabala. Tudele baserriaren inguruetan. Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektorialak «Estrategia handiko lurrak» bezala definitzen duen nekazal eremua.
Geografikoki aldenduak, urbanistikoki elkarri lotuak. Halaxe izatea nahi baitute Hondarribiko udal gobernuko kideek, hasierako izaeraz onartu duten Hirigintzako Plan Orokorrean jasotzen denez. Udal gobernuak, Basakoren garapen urbanistikoa ahalbidetuz, ordainetan jasoko lituzkeen diru sarrerak, besteak beste, Tudeleneako lurrak erostera bideratzeko asmoa azaldu baitu.
«6.3 Basako. Ambito de nuevo desarrollo residencial — unas 300 viviendas estimadas— destinado por sus privilegiadas condiciones de paisaje y su posición alejada del centro urbano a un desarrollo de vivienda libre, de valor elevado, dirigida a captar al demandante de segunda residencia».
«5.3 Tudelenea. Acoge el desarrollo residencial más importante propuesto por el Plan General – 675 viviendas en total – que se prevé destinar en su práctica totalidad a vivienda de protección pública de titularidad e iniciativa municipal dirigida de forma prioritaria a dar respuesta a las necesidades de vivienda de población local».
Zortzi lerro horiek laburbiltzen dute argiki Hondarribiko historia hurbila.
Hondarribiak berezko duen kokapen, edertasun naturala eta paisajistikoa ikur bezala hartuz, azken hogeita hamar urteetan milaka etxebizitza eraiki dira. Txaletak edota elkarri atxikitako etxeak (adosatuak) gehienak; viviendas libres, de valor elevado , dirigidas a captar al demandante de segunda residencia.
Bitartean, lehen etxebizitza eskuratu nahi zuten herritarrak, Irunera edo inguruko herrietara bizitzera alde egin, edo azken urteetara arte itxaron behar izan dute beren poltsikoetara nolabait egokitzen den etxebizitza eskuratu ahal izateko. «Viviendas de protección pública= viviendas de población local».
Izugarrizko bereizketa soziala eta geografikoa eragin duen politika urbanistikoa bizi izan du Hondarribiak. Eta etorkizunean ere bide beretik jarraitzeko asmoa dute. Beste behin, herrikoen etorkizuneko etxebizitza beharrak asetzeko aitzakiapean, egiazko asmoak lehenetsiz: bigarren etxebizitza erosi asmo dutenentzako 300 etxebizitza eraikitzea «en un entorno de privilegiadas condiciones paisajisticas y alejadas del pueblo».
Eta oraingo honetan ere, herriaren garapen ekonomikorako alternatibarik eskaini gabe burutu nahi da guztia. Soilik etxebizitza garapenean oinarritzen den politika bultzatuz eraiki nahi da herri honen etorkizuna. Epe motz-ertainera begira lan esparru berriei, edo-eta herriaren zerbitzu beharrak aseko lituzketen aktibitate ekonomikoen ezarpenerako aukera errealik eskaini gabe, auskalo noiz garatuko diren eta egun kea besterik ez diren Zubieta bezalako alternatibak eskainiz.
Azken 30 urteetako udal gobernu desberdinek ez dute inoiz inolako herri eztabaida eta parte hartze aukera seriorik bultzatu, Hondarribiaren etorkizuna herritarren ekarpenen eta beharren bidetik eraikitzeko. Garai oparoenetan agintean egon dira, baina etxebizitza eta ekonomia politika integralik ez dute sustatu. Errazena egin dute, etxebizitza promotoreen eskaerak entzun, plan orokorren bitartez promotoreen desio espekulatiboak ahalbidetu, eta kalitate handiko ekipamendu eta urbanizazioak eraiki.
Bai, bizi kalitate ona dago Hondarribian. Gustura bizi da jendea. Funtzionatuko du herriak. Baina etorkizunik ez du. Turismoan ditu ezarrita itxaropen guztiak. Baina Eusko Jaurlaritzatik berriki esan duten bezala, ekonomiaren karga guztia turismoan jarri da, eta turismoa gaur badago, baina bihar nork daki. Lokatzezko hankak ditu eta Hondarribiak ez du alternatibarik. Arduratsua bazara, kezkatu beharko lizuke horrek. Zure esku dago.