Surf, rock eta psikodelia erritmoak uztartzen ditu talde brasildarrak
Igande arratserako planik ez duenak badu Errenteria-Oreretan eskaintza aski erakargarria. Brasiletik dator eta ez du futbol mundialarekin ikustekorik. Autoramas hirukotearen kontzertua antolatu du Oarsomusika elkarteak Niessenen, ikasturte bukaerako kontzertu gisa.Kontzertua 20:45ean hasiko da eta sarrerak han bertan salduko dituzte, 7 euroan.
http://youtu.be/JzVgcxpIvPA
Surf, rock eta psikodelia erritmoak uztartzen ditu talde brasildarrak
Igande arratserako planik ez duenak badu Errenteria-Oreretan eskaintza aski erakargarria. Brasiletik dator eta ez du futbol mundialarekin ikustekorik.
Autoramas hirukotearen kontzertua antolatu du Oarsomusika elkarteak Niessenen, ikasturte bukaerako kontzertu gisa.
Talde brasildarrak surf, psikodelia eta rock doinuak uztartzen ditu, eta zuzeneko oso indartsua dutela dakite taldea orain baino lehen zuzenean ikusteko aukera izan dutenek. Portugesez abesten dutenez emaitza oso originala suertatzen da halako erritmoak ingelesez entzuten ohitua dagoen publiko orokorrarentzat. Kontzertua 20:45ean hasiko da eta sarrerak han bertan salduko dituzte, 7 euroan.
Ibilbide oparoa
Thomas Gabriel gitarraristak sortu zuen Autoramas taldea, 1998. urtean. Flavia Couri baxuak eta Bacalhau bateria jotzaileak osatzen dute hirukotea. Abestu Gabrilek eta Flaviak egiten dute.
Lehenbiziko kontzertuak Brasilen eman eta berehala lortu zuen arrakasta Autoramasek. 2000. urtean Rock in Rio jaialdian jotzea lortu zuten, Mudhoney eta Pixies taldeekin batera, eta handik aurrera atsedenik ez: 2000. urtean grabatu zuten lehen diskoa,
Depressão & Síndrome do Pânico; 2001ean
Vida real grabatu zuten eta 2003an
Nada Pode Parar os Autorama.
2002. urtean Japoniatik bira egin zuten eta bertako Guitar Wolf taldearekin jo zuten. Bira horren ostean, Brasilgo MTV Music Awards-etan hainbat sari eskuratu zituzten, lorpen bitxia, MTVren eskutik sariak lortu dituen lehenbiziko talde independente underground dela kontuan hartuta.
2007an
Teletransporte diskoa grabatu zuten, eta 2010. urtean
unplugged bat egin zuten Brasilgo MTVrentzat, gerora DVD euskarrian argitaratu zutena.
42 egunetan, 41 kontzertu
Orain beren disko berria aurkezten dabiltza. 42 egunetan 41 kontzertu emango dituzte Europan zehar, 2012an grabatu zuen
Musica crocante diskoa aurkezteko. Autoramasekoen hitzetan, “orain arte egin duten diskorik onena” da etzi Niessen Aretoan aurkeztuko dutena. Azken diskoarekin Brasilgo irratietako lehen postuak eskuratzeaqz gain,
Rolling Stone aldizkariko zerrendako buruan egotea lortu dute.
Autoramas taldeak Espainiako estatuan jo izan du aurretik, eta baita Euskal Herrian ere, baina nahiko oharkabean pasatu da taldea aurretik egin dituzten biretan. Euskal Herriko azken kontzertua etzikoa izango da. Aurretik, baina, Aretxabaletan eta Donostian joko dute. Ondoren Alemaniarantz doaz.
Brasilgo hirukotea underground eszenaren erreferente garrantzitsua da gaur egun nazioartean. Hego Amerikan arrakasta handia lortu dute, baina Suitza eta Europa iparraldeko beste hainbat herrietan mugitzen dituzten zaleak ez dira gutxi.
Zirkuituan, toki bila
Iazko ekainean egin zuen Oarsomusika elkarteak lehen kontzertua Niessenen, Joseba Irazoki, Petti, eta Kaxernaratekin. Ordutik 20 kontzertu antolatu dituzte, 48 talderekin. Samsara Blues Experiment, Terry Lee Hale, Crisischrist, Infest, Titadine, Kamorrak, Ras, Kakahuete, Toil, Jo ta Tiro, Nonguayaz, Inoren ero ni, Borrokan, Adrenalized, The Holy Buttons, Dffunk, John Berkhout, Napoka Iria, Bide Ertzean, Estricalla , Eneritz, Ixuriak, Xabi ta Petti, Kokein, Joseba Tapia, Lorea Intxaurrandieta, Erroma, Yaw, The Inductions, Xabi San Sebastian Band, Jexusmai Lopetegi, Imanol Carballo eta Zudaire, Sardeska, ON, Sutura, Los carniceros del norte, Okensay, edota Kàshbäd taldeek osatzen dute orain arte programatutako kontzertuen zerrenda oparoa eta askotarikoa.
Udan Niessen itxi egiten dutela kontuan hartuta, udan ez da izango kontzerturik, baina udazkenerako oraindik iragarri ezin dituzten «sorpresa politak» agindu dituzte elkarteko kideek.
Urteko 8-12 kontzertu inguru programatzeko helburuarekin ekin zioten ibilbideari, eta oraingoz bete-betean erantzun diote erronkari.
Niessengo bi areto erabiltzen dituzte kontzertuetarako; beheko auditorioa, 500 lagunentzako aforoarekin, eta goikoa, 100 lagun hartzeko gaitasunarekin. Etziko kontzertua, goikoan egingo dute.
Orain arte Niessen Aretotik pasatu diren talde guztiek gustuko izan dute aretoa, eta elkarteko kideek ere, gustura daude programatu dituzten kontzertuak izan duten harrerarekin.
Horiek horrela, aurrera egiteko motiboak izan badituzte. Joera askotako musikagile eta musikazaleak bildu dira elkartean, eta zaletasun horrek bultzatuta musika independentearen zirkuituan txertatzeko ahaleginean jarraituko dute lanean.