Aritz Larrarte Ramintxoko jokalaria garaipenaren ondoren
Iruñean jokatutako Estatuko Trinkete Openaren irabazle suertatu ziren Ramuntxo Trinkete Klubeko eta Kurpil Kirolak elkarteko jokalariak iragan larunbatean, Iruñean. Era berean, Gasteizen izandako Euskadiko Txapelketako garaile izan zen Ramuntxoko bikotea. Bi kasuetan, gomazko paleta modalitateko txapelak eskuratu zituzten Irungo klubetako ordezkariek.
Gasteizko Astronomos trinketean jokatu zuten Euskadiko txapelketaren finala Larrarte-Loza II bikoteak eta Letamendia-Telletxeak. Partida parekatua izan arren, azkenean Larrarte-Loza II bikoteak 30-21 irabazi zuen.
Bestalde, Iruñeko Mendillori Trinketean izandako Estatuko Openaren finaleko txapela Ramuntxoko Aritz Larrartek eta Kurpil Kiroletako Migeltxo Almandozek jantzi zuten. Tenis Klubeko Lara-Ayesa nafarren aurka bi setak irabazi zituzten Larrartek eta Almandozek, 10 eta 15, hurrenez hurren.
Datozen hitzorduak
Ramuntxo Trinkete Klubetik jakinarazi dutenez, ekainaren 28ko San Martzial txapelketa izango da hurrengo hitzordua. Horren ondotik, Europako txapelketa jokatuko dute Irunen abuztuaren bukaeran. Irailerako antolatu duten Mexikoko mundialaren aurrekari izango da Europako lehia.