Etxolak eta baratzeak kentzea, eta oinezkoentzako bide berri bat egitea, atseden guneak prestatuz San Migel-Anaka eremuko obren lehen fasearen helburua izango da. Era honetan, San Migel eta Anaka bide berri batekin lotzea eta bide batez, Hiri debekatuaren mapan zehaztutako puntu ilun batekin bukatzea aurreikusi du tokiko gobernuak. Lanak 8 astez luzatuko direla adierazi dute Irungo Udaleko Bide Publiko eta Obra arlotik.

Leka Enea ikastetxearen ondoan dago bidexka gaur egun
Etxolak eta baratzeak kentzea, eta oinezkoentzako bide berri bat egitea atseden guneak prestatuz, San Migel-Anaka eremuko obren lehen fasearen helburua izango da. Era honetan, San Migel eta Anaka bide berri batekin lotzea eta bide batez,
Hiri debekatuaren mapan zehaztutako puntu ilun batekin bukatzea aurreikusi du tokiko gobernuak. Lanak 8 astez luzatuko direla adierazi dute Irungo Udaleko Bide Publiko eta Obra arlotik.
Lehen fasean, 10.271 metro koadroko azaleran jardungo dute udal beharginek. 130 metro luzera eta 3 metro zabalera duen bidexka berria egingo dute bertan, Agerre eta Donostia kaleak lotuz, Julian Sanchez parkearen inguruan. Etxolak eraisteko, begetazioa eta zaborra garbitzeko eta ingurua txukuntzeko lan egingo dute datozen bi hilabeteetan. Hala, bide berria ahalbidetzeaz gain, atseden eta aisialdirako eremu berde bat sortu nahi du udalak. Seinaleztapena, argiteria eta hiri-altzariak jarriko dituztela ere adierazi dute udal gobernutik.
Sutea lanen lehen egunean
Astelehenean ekin zioten tokiko gobernuko beharginek lehen esku-hartzei Anaka eta San Migel arteko eremuan. Arratsalde horretan bertan, baratze batean kokatutako etxola batek sua hartu zuen. Suhiltzaileen hiru kamioi bertaratu behar izan zuten sutea itzaltzera. Arratsaldeko 20:00ak arte luzatu ziren suhiltzaileak.