Milaka blueszale bilduko dira Hondarribian uztailaren 10etik 13ra
Hondarribia Blues Festivalen bederatzigarren ekitaldia egingo dute uztailaren 10etik 13ra. Udalak emandako datuen arabera, iazko jaialdiko jardunaldietan 90.000 auto iritsi ziren herrira kanpotik. Horrek esan nahi du milaka eta milaka blueszale hurbildu zirela herrira. Aurten ere horrela izatea nahi dute, eta horretarako egitarau indartsua prestatu dute, izen ezagunekin, blues banda ez hain ezagun baina kalitate handikoekin, nahiz bertako taldeekin.
Sei agertoki, eta 20 bat kontzertu orotara lau egun horietan Hondarribian izango direnak. Agertokien kasuan, berritasun bat, Arma Plazan jarriko dutelako Carlsberg gunea lehenengoz. Horrez gain, Bentako eremuan jarriko dute oholtza nagusia, horren ondoan Blues Village (bertan jarriko dute Kutxa eszenarioa), eta San Pedro kalean Coca Cola Zero gunea. Horiek guneak.
Eta izenen artean, bi aipatu ditu gaurko aurkezpenean Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak: Hondarribia Blues 2014 saria jasoko duen Taj Mahal, eta Steven Seagal. Bai, Steven Seagal aktorea. Izan ere, antolatzaileek jakinarazi dute aktore izateaz gain, blues gitarra jotzaile handia dela Seagal, eta hark duen bandarekin munduan zehar birak egiten dituela bluesa jotzen. Hortaz, parada paregabea izango da Hondarribikoa aktore ezaguna ez hain ohikoa den beste eremu batean ikusteko, oholtza batean, musika sortzen.
Taj Mahal-ek, berriz, 1967an grabatu zuen lehen diskoa. New York-en jaio zen 1942an, eta bere gurasoen aniztasunaren ondorioz (aita Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko indigena zen, ama afroamerikarra), kultura sakoneko sortzailea da, bluesari emana. Hainbat instrumentu jotzen ditu, eta besteak beste, Grateful Dead edo Jefferson Airplane taldeekin jo zuen.
Bi horiez gain, badira izen gehiago. Beheko egitarauan agertzen dira denen emanaldiak noiz eta non diren.
Zailtasunen gainetik, onurak
Gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Aquariumean jaialdia. Bertan izan dira Hondarribiko alkate Aitor Kerejeta, Eusko Jaurlaritzako turismo arloko Basquetour erakundeko zuzendari Arantxa Madariaga, eta Carlos Malles jaialdiaren zuzendaria. Alkateak esan duenez, zailtasunak izan dira jaialdia antolatzeko, egoera ekonomikoak horretan ere eragina izan duelako, “ez da erraza izan, baina osatu dugu programa. Herria prest dago bisitariak jasotzeko, eta horiek musikaz eta herriaz disfrutatzea nahi dugu”. Jaialdiak hiriari onurak dakarzkiola aitortu du alkateak, baita eskualdeari nahiz inguruko herriei ere, eta horren adibide jarri du herrian duen eragin ekonomikoa, “duela 2-3 urteko ikerketa baten arabera, 2 milioi euro inguruko eragina du jaialdiak”.
Termino antzekoetan mintzatu da Madariaga. Zailtasun ekonomikoei aurre egiteko izan den elkarlanari garrantzia aitortu dio, eta esan du Hondarribiaren nahiz Euskadiren kanpo proiekzioa laguntzeko jaialdi ezinbestekoa dela, “batez ere iritsiko den jendearen profilagatik, kulturari lotutakoa”. Jarduera ekonomiko bezala oso baliagarri dela nabarmendu du Madariagak.
Carlos Mallesek, bere aldetik, laguntza eman dieten guztiei eskerrak eman dizkie hasteko, eta ondoren jaialdiaren ezaugarri nagusienei erreparatu die. Ostiraleko OARSO BIDASOKO HITZAren papereko edizioan Mallesi egindako elkarrizketa argitaratuko da.