Hiru egunez irristatzeko aukera izango da IV. Bikingo Egunarekin
Ostiralean hitzaldiak eta proiekzioak egongo dira Itsas Etxean. Larunbatean taularekin aritzeko aukera izango da, lehorrean nahiz itsasoan. Eta igande goizean Espainiako Sup Zirkuituko proba bat egingo dute Kai zaharra eta Amuitz artean.
admin
Bidasoa
Itsasoan nahiz lehorrean, dibertitzeko aukera izango da asteburuan
Bikingo Egunaren IV. Ekitaldia egingo dute asteburuan, Hondarribiko SUP Eskolak (HS2) antolatuta. Hiru egunez, irristatze kirolen zaleen paradisua bilakatuko da herria. Asteazken goizean aurkeztu zuten, Kai Zaharrean.
Txomin Sagarzazu Kirol zinegotziak nabarmendu zuen eskualdean jada ez dela zerbait berria: “Askotan itsasoarekin kirol jakin batzuk erlazionatzen ditugu, baina HS2koek erakutsi digute kirolaren beste modalitate batzuk badirela. Askorentzat berria bada ere, gure paisaian erabat integratuta daude SUPa, Hawaiiko kanoa eta bestelako irristatze modalitate proposamenak».
Horiek guztiak bilduko ditu HS2k asteburuan, euskarri desberdinetan. Ostiral arratsaldean hainbat hitzaldi eta proiekzio jasoko ditu Itsas Etxeak; besteak beste, Pukas etxearekin lanean ari den Johnny Cabianca brasildarrak hitzaldia emango du, taulak eraikitzen munduko erreferente den Irungo JART enpresak bideo bat proiektatuko du eta neguko denboraldietan ateratako irudiekin gozatzeko aukera izango da, Eduardo Vidarterekin.
Larunbata “dibertitzeko eguna” izango dela ziurtatu zuen Iñaki Triki Navascues HS2ko arduradunak: “Nahiko genuke denak etortzea bainu jantziarekin eta patinetearekin, dibertitzeko, haurrak eta gurasoak”. Goizean skate parkean Ipar Eremuko II. Scoot Txapelketa burutuko da eta arratsaldean Butroi pasealekua bilakatuko da kirolarien eta zaleen irristaleku. Zaleek aritzen gozatuko dute eta ikusleek ikusiaz, eta ikasiaz, irristatzeko zenbat aukera dauden ezagutzeko modua izango baita HS2k antolatutako ekitaldietan.
Txapelketa nagusia, igandean
Igandea, aldiz, txapelketako eguna izango da, nahiz eta lehiatik kanpora ibiltzeko ere aukera izango den. Bikingo Eguneko ekitaldi nagusia igande goizeko sup proba izango da, Espainiako Sup Zirkuituko bost probetako bat, gazte zein nagusien mailetan egingo dena.
Kai zaharretik abiatuta, 12 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute surflariek: Amuitzeraino, hondartzara itzuli, Amuitzera berriro eta kai zaharrera bueltatu. Amateurren proba ere egingo da, bost kilometrokoa, Kai zaharra eta hondartza artean. Igande arratsaldean ere izango dira lehiak, eta lehiarik gabe saioak Butroi aldean.
Bikingo Egunari buruz gehiago jakiteko eta egitaraua ezagutzeko, bisitatu HS2 klubaren webgunea edo Facebook orria.
Denbora gutxian asko handitu den kluba
Lau urte beteko ditu Bikingo Egunak eta ez dira askoz gehiago herriko Sup eskola abiatu zenetik. Denbora gutxian, baina, asko handitu da kluba, eta gainera, kideetako batzuk emaitza esanguratsuak lortu dituzte itsasoko nahiz lurreko modalitate batzuetako txapelketetan.
Triki Navascues
Hala, duela bi aste Cyara Palenzuela Munduko Sup Txapelketa irabazi zuen Bilbon, Gazte Mailan. 12 urterekin, adinez ezin da Euskadiko selekzioarekin konpetitu baina munduko txapeldun izan da 18 urte arteko surflari guztiak atzean utzita. Patineteekin ere lehiatzen dira HS2koak eta Aitor Palencia seigarren geratu da Espainiako Scoot Txapelketan.
Noski, eskolako arduraduna asebeteta dago emaitzekin. “Beharrezkoa zen horrelako modalitateak norbaitek sustatzea eta horretan asmatu dugu. Leku oso ona da horretarako eta harrobia egiten ari gara. Cyara ikaragarrizko mailan dabil, Aitor ere scootean, baina egindako lanaren emaitza besterik ez da, eta gainera, gure kasuan ez da lana, dibertsioa baizik”, gaineratu du Navascuesek.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.