Egitarau ofizialaren "hizkuntza sexista" salatu du EH Bilduk
2014ko sanmartzialetako programa ofizialean, Jose Antonio Santano alkateak eta Belen Sierra kultur delegatuak “hizkuntza sexista” erabili izana leporatu die EH Bilduren udal taldeak tokiko agintariei. Gaztelaniazko bertsioan genero maskulinoan soilik adierazpenak egitearekin desadostasunak agertu dituzte abertzaleek.
“Ez da lehenbiziko aldia”, adierazi dute EH Bilduko kideek. “Irungo jaietako egitaraua urtez urte kopia bat den moduan, agurretan hizkuntza sexista erabiltzea ere errepikatzen da. Berez larria da gertaera hau, baina gure ustez, are larriagoa da Irunen ematea azken urte luze hauetan jaietan bizi dugun gatazkaren harira”.
Halako egoerak ez emateko “borondate minimo bat” besterik ez dela behar uste dute koalizioko kideek. Gainera, “udal honetan osatzen ari den III. Berdintasun planaren baitan dago hizkuntza sexista baztertzearen konpromisoa”, gogora ekarri dute. Hala, “gobernu onaren eta jarrera etikoaren” harira hartutako konpromisotik “urrun” ikusten du Bilduk udal gobernua.