Larunbatetik Guadalupeko gotorlekura trenez igotzeko aukera izango da berriro, Hondarribiko Udalak, Arma Plaza Fundazioak eta Behemendi Elkarteak tren berdearen ibilbidea abituko baitute. Hiru eururen truke fuerteraino igotzeko aukera izango da eta nahi duenak eraikina bisitatu dezake, bi euro gehiago ordainduta.
Iraila amaitu arte larunbatero abiatuko da trena San Juan de Diosetik, goizez nahiz arratsaldez. Uztaila eta abuztuan, astelehenetan ere egingo du ibilbidea. Aurten, gainera, trena handiagoa izango du, jende bikoitza eramateko gaitasuna izango du.
Bidai bakoitzean 58 pertsonarentzako lekua izango du trenak, Landa Garapenerako zinegotzi Kalixa Silanesek azaldu duen bezala: “Bostgarren urtez jarri dugu abian ekimen hau. Azken bi urte hauetan urtero 2.000 pertsona pasa dira gotorlekutik, eta aurten beste pausu bat eman nahi dugu, larunbata eta astelehenetan tren handiagoa izango dugu”.
Igandetan ez da tren berderik igoko Guadalupe aldera baina izango da zer ikusi fuertean. Izan ere, falkoneria erakustaldiak antolatuko dituzte iaz bezala, 12:30ean.
Guadalupera doan tren berdea udalaren, Arma Plazaren eta Behemendiren egitasmoa da, eta aurten Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du, Garapen Ekonomikoko eta Konpetibitate departamentuarena. Orotara 45.000 euro eman ditu Gasteizek, aurreontuaren erdia. Beste erdia udalaren eta Behemendiren artean banatzen da, 22.500 euro jarriko ditu bakoitzak.
- Irteerak: San Juan de Dioseko biribilgunetik, 10:00etan, 12:00etan, 16:00etan eta 18:00etan.
- Prezioa: 3 euro joan etorriak eta beste 2 euro bisitak.