Irungo Ospitale Zaharrean egindako tailerra
20 proposamen lehenetsi beharko dituzte orain Hondarribiko eta Irungo herritarrek, Amaia KZn izango den eskualdeko batzarrean, bihar 19:00etan. Egindako proposamenen artean mugikortasun arlokoak bereizten diren arren, berdintasunarekin, euskararekin, gizarte politikekin, enpleguarekin, ingurumenarekin eta turismoarekin lotutakoak ere ugari izan dira. Denera, errepikatu gabeko 110 proposamen ezberdin bildu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoaldean; 70 internet bidez jaso ditu, 95 parte hartze tailerretan, eta beste 25 herrietako postontzietan.
Horiek horrela, Bidasoaldeko hiru udalerrien arteko bidegorria osatzeko eta auzoetako azpiegiturak hobetzeko proposamenak nabarmendu ditu aldundiak. Auzoetako hobekuntzen harira, kirolarekin, gazte zein adinekoekin, azpiegiturekin… lotutako proposamenak izan direla zehaztu dute prozesuaren arduradunek. Horrez gain, bizikleta eta oinezkoentzako bide seguruak, auzoetako bideak moldatzea, espaloiak hobetzea… ere proposatu dute herritarrek.
Orotariko arloak landuz
Berdintasunarekin lotutako proposamenei dagokienez, emakumeen etxea eratzea, alardeen afera bideratzeko politikak, indarkeria matxistaren aurkako trebakuntza gazteen artean… Era berean, lana, familia eta aisialdia uztartzeko baliabideak ahalbidetzea eskatu dute.
Helena Franco Ogasun diputatua eta Arantza Ruiz de Larrinaga Parte Hartze zuzendaria aurkezpenean
Bestalde, gazteen artean euskara sustatzeko neurriak eta euskara ikasteko baliabideak ere proposatu dira. Gizarte politikekin lotutako eskariak aldiz, izan dira besteak beste: adinekoen zentroak, gizarte zerbitzuak hobetzea, etorkinentzako harrera zentroa, xenofobia, arrazakeria eta homofobiaren aurkako neurriak…
Aldundiaren arabera, enpleguarekin lotutako proposamenak ere ugari izan dira Irungo eta Hondarribiko herritarren artean: kooperatibak sortzeko erraztasunak, emakumeak eta gazteak lan munduan sartzeko baliabideak…
Bukatzeko, ingurumena babesteko eta turismo baliabideak sortzeko proposamenak ere jaso ditu aldundiak.
Elhuyar Aholkularitza Zentroko arduradunek Bidasoaldean garatutako parte hartze prozesuaren inguruan egindako balorazioaren arabera, “Irun eta Hondarribian parte hartzeko kultura handiegirik ez dagoela-eta, horrelako proiektuen beharra eta ikaste-prozesuak abian jarri behar direla azpimarratu dute herritar askok”.
Proposamenen bilketarekin amaituta, lehen fasea bukatutzat eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak: “Proposamenak lehenestea da hurrengo urratsa”.