
Osasun historia, plakak eta odol proben emaitzak eramatea aholkatzen du Dochek lehenengo kontsultara.
Martin Doche Kiropraktiko Zentroak joan den azaroan zabaldu zituen ateak Errenterian. Frantziar jatorrikoa, Parisko Unibertsitatean egin zuen sei urteko ikasketa prozesua Dochek kiropraktikoa izateko. Suitzara joan zen ostean, kiroleko espezializazioa egiteko. Graduatuta Perura joan zen kiropraktiko lanak egitera, eta Euskal Herrira etorri zen ondoren. Espainiako Kiropraktika Elkarteko kidea da. Izan ere, erakunde horrek segurtatzen baitio pazienteari artatzen duena kiropraktikoa dela. Errenteriako zentroarekin batera, Tolosan ireki berri du joan den hilabetean beste zentroa, eta bietan dihardu beregana jotzen duten pazienteekin lanean.
Dochek esan du kiropraktika lehen arretako osasun lanbidea dela, diagnostikoa, zainketa eta prebentzioa egiten duelako: «Kiropraktikook diagnostikoa eta zainketa egiten dugu. Beste diziplinekin elkarlanean aritzen gara gainera, osagarriak gara, fisioterapia, podologia edo odontologiarekin, adibidez».
Artikulazio disfuntzioak zuzentzen ditu kiropraktikak. Bizkarrezurra eta neuromuskuloeskeleto sistemaren alterazio mekanikoen diagnostikoa, zainketa eta prebentzioa egiten du zehazki. «Disfuntzio horiek gorputzaren homeostasian eragin dezakete, eta gaixotasunak sortu ondorioz», azaldu du Dochek. Lan guztia, modu naturalean egiten du Dochek, kiropraktiko guztien moduan botikarik erabili gabe. Izan ere, sortzetiko inteligentzian oinarritzen da kiropraktika, eta horren arabera. gorputzak bere kabuz du sendatzeko gaitasuna.
Guztientzat baliagarri
Kiropraktika ez da bakarrik helduei begirako diziplina, ezta ere bizkarrezurreko arazoak kopontzekoa soilik. Dolcherengana Errenteria zein Tolosan jotzen duten pazienteen %80 lepoko edo gerriko oinazeengatik da. Giltzadura guztien gainean lan egiten du, ordea, kiropraktikak, eta horrekin batera askotariko minak tratatzeko baliagarria dela nabarmendu du Dochek: «Migrainak, estresa, alergia, lotarako arazoak, hilerokoaren oinazea, idorreria… duen jendeak jotzen du gugana. Nerbio sistemak kontrolatzen du guztia, azkenean, ehunak eta organoak. Nerbio horien gainean eragiten dugunean, beraz, organoen gainean eragingo dugu. Nerbioa estutua egoteak eragin dezake organoan, eta horrek ongi ez funtzionatzea ekarriko du. Nerbio estutze hori konponduta, gorputza bere kabuz osatuko da».
Bizitzaren lehen egunetik azkenera arte baliatu daitekeela kiropraktika azaldu du Dochek, «kontraindikaziorik ez duelako». Adin tarte bakoitzari egokitutako praktikak erabiltzen ditu horretarako kiropraktikoak. Errefluxua duten jaioberriak, kolikoak dituzten haur txikiak, motxilaren pisuarengatik eskoliosia duten gaztetxoak, haurdunaldiak gerriko mina eragiten dien emakumeak, artrosia, belauneko arazoak, bizkarreko oinazea, edota kirol errendimendua hobetu nahi duten kirolariak ere izaten ditu Dochek bere zentroan. Adin guztietakoak dira, arazo ezberdinei irteera eman nahi dietenak.
Prebentzioa oinarrian
Ornoak estutzen ditu kiropraktikoak, eta giltzadurak lerrokatu. Estutze edo lerrokatze horretan, hezurdurak ateratzen duen hotsak hainbati beldurra eragiten diola azaldu du kiropraktikoak: «Ez da hezurra apurtzen ezta urratzen ere. Krak hots hori entzuten dugunean artikulazio inguruan dagoen kapsulak gasa askatzen duelako da. Ez du, beraz, inolako arriskurik».
Izan ere, gorputza desdoitu egiten da, eta hiru estres motek eragiten dute hori: fisikoak, kimikoak eta emozionalak. Estres fisikoa, egunean zehar egiten ditugunek sortutakoa da, pisua altxata, postura ez egokietan egonda sortzen duguna. Kimikoak jaten dugunarekin du zerikusia, «elikadurak sortutako estresa da, eta hor barruan hartzen ditugun botikak sartzen dira», azaldu du Dochek.
Azkena eta ohikoena estres emozionala omen da. Horren barruan bi motakoak omen daude, positiboa eta kaltegarria, «positiboa existitzen denik ez daki jende askok, baina izan bada, eta horrek on egiten dio gorputzari. Denaren gainetik prebentzioa jarri du Dochek, «modu prebentiboan kiripraktikoarengana etorrita arazoa balego, aurretik landu dezakegulako». Normalean oinazea azaldu arte itxaroten omen du jendeak, «hori eta bestelako sintomak izaten direlako gure gorputzean zerbait gertatzen ari dela jakiteko modu bakarra. Gorputzak berak osatzeko gaitasuna du, arazoa gutxinaka hasiko da, gorputzak aurre egingo dio eta konpondu ahal badu konponduko du, eta pertsonak ez du ezer nabarituko gainera. Ezin badu konpondu, indarrez egingo dio aurre, eta oinazea eta sintomak azalduko dira, eta oinazea edo sintomak ditugunean arazoa instalatuta dagoela esan nahi du». Kasu askotan gaixotasunak edo osasun arazoak ez omen du oinazerik eragiten, «eta horregatik da beharrezkoa prebentzioa».
Hitzordua eskatuta
Martin Doche kiropraktikoaren zentroan kontsulta egiteko hitzordua hartu beharra dago aldez aurretik. Ordubete inguru irauten du lehenengo kontsulta horrek. Osasun historia, plakak eta odol proben emaitzak eramatea aholkatzen du Dochek lehenengo kontsulta horretara. Azterketa osoa egiten du ondoren, «gorputz jarrera hartzen dut kontuan, hankak baskula banatan pisatzen ditut gorputzaren pisuaren banaketa orekatua dela ziurtatzeko, eta egokitze ohatilara pasatzen gara ondoren gorputz osoa aztertu, artikulazioak begiratu, gogortutako zonaldeak bigundu eta malgotasuna lortzeko».
Azterketan ikusitakoa zehatz mehatz azaltzen dio pazienteari Dochek, «elikadura, posturak eta beharrezkoa den kasuetan ariketa egokiak aholkatzen dizkiot, duen arazoari aurre egiteko».
Errenterian, Biteri kaleko 44. zenbakiko 1-B pisuan du kiropraktika zentroa Martin Dochek, eta astearte eta ostegunetan izaten ditu kontsultak 08:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Errenteriako zentroaren telefono zenbakia berriz, 943 01 11 53 da.Ordutegi berean izaten ditu kontsultak Tolosako zentroan, baina astelehen eta asteazkenetan. San Fantzisko pasealekuko 17. zenbakiko 1-A pisuan du kontsulta Tolosan. Errenterian bezala, Tolosan ere telefonoz eska daiteke hitzordua, 943 57 88 59 zenbakira deituz.