Diego San Jose gidoilaria
Garai batean burdinbideko langileak bizi ohi ziren etxeetan hazi zen Diego San Jose (Irun, 1978). Haren aita trenbideko langilea zen, eta Gaztainondo kalean kokatutako etxeetan bizi ziren. Anaka auzoan eta Hirubide ikastetxean iragan zuen haurtzaroa gidoilariak, eta Irungo gazte gehienak bezalaxe, Pio Baroja institutuan ikasi zuen. Unibertsitatean hasi aurretik film labur bat egin zuten insitutuko lagunek, eta garai hartan ez zekien arren, horrek irekiko zizkion etorkizuneko ateak San Joseri.
Hala, kasualitatez iritsi zitzaion gidoilari lanetan hasteko aukera irundarrari, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasten zuenean. Ez zuen lehen aukera hori galdu, eta laster etorri zitzaion Vaya Semanita-n parte hartzeko eskaintza. Geroztik, ez du etenik izan, eta porrotak eta arrakastak jaso ditu denbora horretan; porrot gehiago arrakastak baino, haren ustez. Hala eta guztiz ere, aurten lortu du Borja Kobeagarekin batera maila gorenera heltzea, aski ezaguna egin den 8 apellidos vascos filmaren gidoiari esker.
Zertan ari zara momentu honetan?
Momentu honetan 8 apellidos vascos filmaren bigarren zatiaren gidoia idazten ari gara, eta aldi berean, abenduan argitara ematea aurreikusi dugun eleberri bat idazten ere hasi gara.
Zurrumurruek dioten bezala, bigarren zatia Herrialde Katalenetako familia baten inguruan ariko da?
Ez dugu oso definitua bigarren partea oraindik ere, baina lehenengoaren pertsonaia berberak izango dira: Amaia, Koldo, Rafa…
Lehen zatia idatzi zenutenean hainbesteko arrakasta edukitzea aurreikusi zenuten?
Ez, inolaz ere. Tankera honetako lanbide bat duzunean oso prozesu luzeak izan ohi dira; adibidez, gidoi horrek urte eta erdi hartu zigun gutxi gorabehera. Egia da egunerokoan indarra hartzeko zure barnean bai pentsatzen duzula erdi ondo joango dela behintzat. Hala ere, inork ezin zuen kalkulatu filmak izan duen arrakasta. Jakin badakit ez ekoiztetxeak, ez telebista kateak, ez eta banatzaileak ere, ez zutela espero Espainiako Estatuan egin den pelikularik ikusiena izatea. Harroputzak izango ginateke halako zerbait kalkulatu izan bagenu.
Egia esan zinemetako leihatiletan boom bat izan da.
Bai, oso handia gainera. Noizbehinka gertatzen diren gauza horietako bat da, eta inoiz ez dute oso esplikazio argirik. Nik uste dut konexio bat sortu dela, filmaren eta jendearen artean, oso bitxia dena; berezia. Jendeak gomendatu egin du eta lehen astetan ahotik belarriari esker goraino iritsi dela esango nuke. Gainera, Espainiako zinemagintzak bizi duen egoera kontuan hartuta, ez dira halako arrakastak bilatzen, antza, ezin direlako aurkitu. Bederatzi milioi ikusle izan ditu; 54 milioi euro bildu ditu. Iaz gehien ikusitako filmak bost milioi euro bildu zituen. Sekulako jauzia da. Erabateko ezustekoa izan da, eta nire kasuan behintzat, prozesatzen bukatu ez dudala uste dut. Denbora bat pasa beharko da oraindik filmak lortu duenaz jabetu ahal izateko. Bost urte barru, telebistan ikusten jarraitzen dugunean, agian kontzienteago izango naiz. Baina orain, bat-batean iritsi zaigu zaparrada guztia.
«Ez dago oso definitua bigarren partea, baina lehenaren pertsonaia berberak izan ditzake»
«Filmaren eta jendearen artean konexio bat sortu dela uste dut, oso bitxia»
«Batez bestekoa eginda, gehienetan porrot egin dudala ikusiko genuke»
«Oso konplikatua da jendearekin konexio bat sortzea; niri magia iruditzen zait»
Nola sortu zen Kobeaga eta zure artean gidoi hau idazteko ideia?
Egia esan, telebista katearena izan zen. Idatzi dugun guztia kontuan hartuta, lehen aldia da telebista kate batek deitzen digula proiektu bat proposatzeko. Ez zuten ideirik, ez gidoirik, ezta pertsonairik ere, baina bai zuten asmoa estatuko herritarren arteko desberdintasunen inguruko zerbait egiteko. Andaluzia eta Euskadi artean izatea ez zegoen definituta ezta ere. Guk definitu genuen hori. Argi dago bertakoak izanda —Euskal Herrikoak—, proiektua era umilenean garatzeko Euskadira eramatea erabaki genuela. Batez ere bi arrazoirengatik egin genuen: bat, Andaluziarekin alderatuta Euskadirena delako umorerik ezberdinena, eta bestea, tankera horretako andaluziar bat han askatzea —Euskal Herrian— eskuindarra, engominatua… shock are handiagoa delako. Horrez gain, zerbait idazten saiatzen zarenean, erosoago sentitzen zara idazten ari zarenari buruz dakizunean. Gauzak beste era batera kontatzen ari zarela sentitzen duzu, kontatzen duzuna egiazkoa delako.
Nik uste dut Borja [Kobeaga] eta niri deitu zigutela ziurrenik Vaya Semanita-tik gentozelako, eta bertan Euskadin egiten den parodia mota nabaritzen zelako. Vaya Semanita-ren umorea publiko askoz ere zabalago batera hedatzea gutxitan egin da, eta egin denean, ez da ondo atera. Ez da hain erraza. Made in China, Vaya tropa, Citación masiva eta beste hainbatekin saiatu gara, eta porrot egin dugu. 8 apellidos vascos, Vaya Semanita saioaren filma-edo dela esaten dute batzuk, eta umore mota hori galdu gabe, hain publiko zabalarekin konexioa eratzeak zailtasun ugari dauzka.
Hainbatean porrot egin duzuela esan duzu. Behingoz irabazteko porrot guzti horiek beharrezkoak izan direla esango zenuke?
Bai, argi dago. Nik hamar urte eman ditut gidoilari lanetan eta batez bestekoa egingo bagenu, gehienetan porrot egin dudala ikusiko genuke. Egia esango banu, nire arrakastarik handiena Vaya Semanita izango zela uste nuen. Eta begira, hamar urte pasatu dira eta beste etiketa bat jarri didate orain, Vaya Semanita-rena baino denbora luzeagoan zehar jarraituko didana, arrakasta izugarria izan duelako. Hala ere, bien artean porrot ugari egon dira eta porrotak gidoilari ofizioaren parte ere badira. Azkenean, halako ofizioetan normalena jendearekin ez konektatzea da. Izan ere, oso konplikatua da jendearekin konexio bat sortzea eta niri oraindik ere magia iruditzen zait. Pentsa, nire etxean txiste bat idaztea, urte eta erdira 100 lagunek osatutako lantaldean nire txistea sartzea erabakitzea, 400 pertsonek betetako areto batean ematea, eta denek batera barre egitea, ezinezkoa ematen du. Egia esan, oso zaila da, eta zentzuzkoena da pentsatzea jendeak ez duela barrerik egin behar. Hori dela eta, arrakasta bat ematen denean, beste 8-9 porrot gertatuko direla pentsatzea logikoena da. Eta nik uste dut hemendik aurrera hori dela litekeena.
Todos nacemos vascos eleberrian ere parte hartu zenuen. Saltserotzat jotzen duzu zure burua?
Bai, alde batetik egia da gauza ezberdinak egiteko gogoa duzula. Liburu hau egiteko ideia Vaya Semanita-n ginela sortu zen, eta horren umorea liburu-entsegu-eleberri formatura eramatea zen argitaletxeak nahi zuena. Oscar Terol aukeratu zuten liburua idazteko arduradun bezala, baina hark uste zuen programaren umorea liburura eraman ahal izateko gidoilariak beharrezkoak zirela. Beraz, hiruoi deitu gintuen, eta lauron artean egin genuen azkenean. Egia esan, bere momentuan ez nuen oso desberdin bizi liburuarena, egunero biltzen nintzelako jende horrekin esketxak prestatzeko. Kontua da, Pelanasen esketx bat idatzi beharrean kapitulu bat idazten genuela kontatzeko zer garen euskaldunak gainontzeko guztientzat.Vaya Semanita-ren ikusle zirenentzat baino, ikusle ez zirenentzat zuzenduta zegoen.
«Bokazioa, hitz bezala, etiketa erromantikoa iruditzen zait, eta nik ez dut hala sentitzen»
«Kontrakoa gertatu zitzaidan: ez nintzen ezeren atzetik joan, eta aurrean jarri zitzaidan»
«Inork ez du bere burua pregoilari izateko hautagai bezala ikusten»
«Gurasoentzako oso gauza arraroa izango da semea udaletxeko balkoian ikustea»
Nola hasi zinen zu gidoien mundu honetan lanean?
Egia esan, sekula ez dut gidoilari bokaziorik eduki, eta oraindik ere, ez dudala uste dut. Bokazioa hitz bezala etiketa oso erromantikoa iruditzen zait, eta nik ez dut hala sentitzen. Oso ondo pasatzen dut gidoilari bezala, baina bihar bertan beste zerbaitetan lanean hasiko banintz, ez litzateke ezer gertatuko. Behin baino gehiagotan pentsatzen dut eta ez zait hain erabaki dramatikoa iruditzen. Egia esan, erabaki kasuala izan zen. Izan ere, telebistarako idazten hasi nintzenean Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ari nintzen ikasten. Ez dauka inongo zerikusirik gidoilari ofizioarekin. Sekula ez dut lanik egin nire karrerarekin zerikusia duen edozerekin. Ikasketak bukatu nituen uda horretan sortu zen Vaya Semanita, edo bukatu eta hilabete gutxira eta fikzio dinamika batean sartu nintzela esan genezake. Horretaz bizitzen hasi nintzen eta gaur egunera arte luzatu da. Hala ere, dena film labur baten ondorio izan zen. Izan ere, Pio Barojako lagun batzuekin film labur bat egin genuen, inongo pretentsiorik gabekoa, nola unibertsitatean hasi behar ginen, gure arteko lotura mantentzeko edo. ETB1ekin lan egiten zuen ekoiztetxe batek ikusi zuen filme laburra, eta telesail batean elkarrizketak idazteko deitu ninduten. Ekoiztetxe horrek Vaya Semanita saioa ekoitzi zuen urte batzuk beranduago, eta ezagunak zituzten gidoilariak deitu zituzten horretan parte hartzeko. Garai hartan, ni ez nintzen komedia gidoilaria sikiera, eta bat-batean, hor nengoen. Dena zorteari esker izan dela uste dut. Batzuetan zerbaiten atzetik ibiltzen zara, eta ez duzu aurkitzen. Niri kontrakoa gertatu zitzaidan; ez nintzen ezeren atzetik joan, eta aurrean jarri zitzaidan.
Sanmartzialetako pregoilari izango zara aurten. Nola hartu duzu izendapena?
Harrigarria iruditzen zait, batez ere, inork ez duelako bere burua pregoilari izateko hautagai bezala ikusten. Izan ere, Bidasoa eskubaloi taldean aritzen bazara eta zerbait irabazi baduzu, edo Real Unionekoa bazara eta igoera ahalbidetu duen gola sartu baduzu, horiek bai izan daitezkeela pregoilariak; bestela, sekula ez duzu horrelako zerbaitetan pentsatzen. Nik balkoi horretan ikusi ditudanak halakoak izan dira: Bidasoakoak Europako Liga irabazi zutenean, edo bestela Amaia Montero, Lourdes Maldonado edo Jon Sistiaga bezalako pertsonaia ospetsuak. Izugarria iruditzen zait, batez ere nire gurasoentzat, oraindik ere Irunen bizi direlako. Nik uste dut haientzako oso gauza arraroa izango dela semea udaletxeko balkoian ikustea. Hala ere, pozgarria izango da, eta niretzako ere. Azkenean, filmak etiketa burrunbatsu ugari izan ditu, oso entzunak: Espainian ekoitzitako filmerik ikusiena dela, 300 filmak baino ikusle gehiago izan dituela, baita Spiderman 2 baino gehiago ere… Eta horren ondoren, zure herritik datorren haize bolada sentitzen duzu, eta beste konnotazio bat dauka, sakonean, askoz ere politagoa iruditzen zait. Etiketa horiek oso handiak dira. Azken batean, urte mordoan bizi izan naiz Irunen, nire txikitako lagunak Irungoak dira, eta nire herrimina ez dago Madrilen, Irunen dago. Beraz, handik ailegatzen zaidan guztia are bitxiagoa iruditzen zait.