Koalizioaren arabera, inkestak “hankaz gora botatzen du Hondarribiko biztanleen gehiengo zabala alarde tradizional bakar baten aldekoa denaren ustea da”, inkestatutakoen %43ak aukera parekideen alde egiten duelako eta %42ak soilik alarde tradizionalaren alde.
Alardeari buruz Jaurlaritzak egindako inkestak herritarrak konponbidearen alde daudela agerian utzi duela nabarmendu du Hondarribiko EH Bilduk. Jaurlaritzaren enkarguz, Gizaker enpresak 400 herritarren artean egin zuen azterlana eta duela hamar bat egun ezagutzera eman ziren emaitzak. Joan den ostiralean
bi orri eskaini zizkion gaiari Oarso Bidasoko HITZAko papereko edizioak.
EH Bilduk inkestaren balorazioa egin du eta, haien arabera, inkestak “hankaz gora botatzen du Hondarribiko biztanleen gehiengo zabala alarde tradizional bakar baten aldekoa denaren ustea da”, inkestatutakoen %43ak aukera parekideen alde egiten duelako eta %42ak soilik alarde tradizionalaren alde.
Koalizioak gehitu du galdeketaren daturik esanguratsuena konponbidearen alde daudenen kopurua dela: “Hondarribiarren %72a gaur egungo egoera gainditzeko irtenbide berriak bilatzearen alde dagoela. Azken hemezortzi urteotan herriaren bizikidetza baldintzatu duen auzi honi behin betirako konponbidea bilatzea premiazkoa dela deritzogu”.
Bukatzeko, Aitor Kerejeta alkateari eskaera egiten dio EH Bilduk, “beste legegintzaldi bat alperrik pasatzen utzi gabe lanean hasi dadin. Saiakera hori zintzoa bada gure elkarlan eta laguntza guztia eskaintzen diogu auzi honi benetako soluzioa aurkitzeko”.