Aitzol Gogorza, agerraldia
Denborak ez du etenik, Aitzol askatu herri dinamikaren barruan, agerraldia egin zuten atzo Errenteria-Oreretako Herriko Plazan, eskaera bakarrarekin: larri gaixo dagoen Aitzol Gogorza euskal presoa aske uztea. Ehunka lagun bildu ziren elizaren atarian egindako agerraldian. Ondoko agiria irakurri zuten bertan hitza hartu zutenek:
“Denboran luzatzen ari den, eta berria ez den, errealitate injustu eta dramatiko batek ekarri gaitu gaurkoan plaza honetara: Gaixo dauden euskal presoen egoera larriak, alegia.
Edonor, edozein eta edonoiz gaixo egon gaitezke; inor ez dago egoera horretatik salbu. Hauetako hainbati aurre egiteko zientziak aurrerapen anitzak izan ditu, gehienak gaixotasunarekin duintasunez bizitzeko aukera emanez.
Baina dena areagotu eta larriagotzen da espetxea tartean jartzen denean:lau horma ospelak, osasun artatze desegokiak, segurtasun argudio merkeak, tramite luzatze amaiezinak, eskuburdinak, espetxezainak, poliziak, mediku-poliziak, norbanakoaren oinarrizko duintasun ezaugarrien desagerpena, txantaiak, konfidantzazko medikuak artatzeko debekuak, sendien inpotentzia eta ezinegona, sakabanaketa, denbora… denbora; etenik ez duen erlojuz kontrako lasterketa makabroa. Kartzelan mantentzeko soberan duten denbora. Osasunez bizitzeko falta zaien denbora.
Eta adibide lazgarriak bezain muturrekoak badaude: Ventura Tomé, Ibon Iparragirre, Gari Arruarte, Ibon Fernandez de Iradi, Txus Martin…minbizietaz ari gara; esklerosiaz, bihotz arazoetaz… bizitza bera kinka larrian jar dezaketen gaixotasunetaz. Kartzelan gatibu egonik, zer esanik ez.
Urrutirago joan gabe, herrian bertan, horren adibide dugu Gaztañoko bizilaguna den Aitzol Gogorzaren egoera. Aitzol 1999an atxilotu zuten estatu frantsesean eta atxiloketa eta espetxeratzearen ondorioz bere gaixotasuna berpiztu eta asistentzia psikiatriko espezializatua behar izan zuen. 2011ko ekainean Espainaratua izan zen eta urte bereko Urrian larriagotu egin zitzaion gaixotasuna, obsesibo konpultsibo aldi larriekin. 2013ko azaroan bere egoeraren larritasuna ikusirik Basauriko espetxera ekarri zuten. Azken bi urte hauetan maiz ingresatu behar izan du Basurtoko ospitalean.
Gaur hemen bildu garenok, gaixotasun larriak dituzten presoen berehalako askatasuna, eta bereziki gure bizilaguna, Aitzol Gogorzaren berehalako etxeratzea eskatzen dugu. Izan ere, pertsona guzti hauek giza duintasunaren eskubide oro urratuz bere integritate fisiko eta moralaren aurka jokatuz preso mantentzen dituzte eta gizagabeko tratua ematen diete horren ondorioz. Zer esanik ez beraien senide eta lagunekiko egoera honek sortarazten dien oinaze gehigarriaz ohartzen bagara. Nahikoa da!
Gaur zoritxarrez ez da ezer bukatuko plaza honetan; gaixotasun larriak dituzten presoen egoera orokorrean, eta gurera etorrita Aitzolen egoera, lan iraunkor baten premian egongo da bihartik aurrera ere. Herriz herri, auzoz auzo, sektorez sektore, eremuz eremu. Norbanako bakoitzak egin dezakeguna garrantzitsua da, ezinbestekoa hobe esan, keinu edota ahalegin txikienetik handienera gauza asko egin daitezke eta guztiak izango dira baleko. Zuk egiten duzun apurtxoa, ezdeusa iruditu arren, oso garrantzizkoa da, arnasaldi bat izan daitekeelako muturreko egoeran dagoen gure bizilagunarentzat, eta beraz, zure sinadura eta laguntza eskatzera gatoz.
Oraindik jarraitu beharko dugu, bai. Giza eskubideak errespetatuak eta beteak izan daitezen aldarrikatzen jarraitu beharko dugu. Euskal jendarteak eskatzen duen gatazkaren konponbidea hauspotzen eta sendotzen, bakezko eta elkarbizitzazko eskenatoki bat guztion artean eraikitzen. Ez gaude etsitzeko, ezta pentsatu ere! Bildutako sinadurarekin, instituzio, eragile zein norbanako interpelatzen jarraituko dugu eta jasotako babesarekin etorkizunean ekimen desberdinak burutuko ditugu. Aitzol bera, gaixo dauden presoak eta gainontzeko guztiak etxeratuko dituen sare herritar anitz eta zabal bat ehuntzen jarraituko dugu eta bidelagun nahi zaitugu”.