Kutxabanken pribatizazioaren kontra, eta euskal finantza sistemaren alde dago Oiartzungo Udala
Asteazken arratsean ohiko udalbatzarra egin zuten Oiartzungo udaletxean. Bi gai nagusi izan zituzten aztertzeko. Lehena, EH Bilduren mozioa aztertu zuten, euskal kutxen etorkizunari buruzkoa, bestea euskal selekzioen ingurukoa.
Miren Irigoien gobernu taldeko zinegotziak defendatu zuen “Kutxabanken pribatizazio prozesua” kezkagarria dela, eta herritarren beharrizanetara bideratutako zerbitzua eskainiko duen aurrezki kutxen filosofia defendatu zuen. Hartara, Kutxabanken akzioak inbertsoren pribatuen eskuetara joateko arriskua dagoela adierazi zuen, “haiek hartuko dituzte erabakiak. Kutxa hemengo jende eta erakundeek sortu zuten, gure aiton-amonen, gurasoen edo gure aurrezkiekin”.
Hori esanda, euskal finantza sistemaren aldeko mezua zabaldu zuen Irigoienek, “hemengo ikuspuntua eta sustraiak dituena”. Horren harira, EAJk testua irakurri zuen, aitortuz Kutxak egindako lana, eta aurrezki erakundearen gizarte ekintza alorra “Euskadin egotea” eskatuz.
Bigarren gai potoloa ESAITek aurkeztu zuen mozioa izan zen, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko, eta Espainiako Federazioari eskatzeko “euskal selekzioen nazioarteko txapelketetan parte hartzeko betoa” kentzeko. Martxel Toledok defendatu zuen publikoaren aulkitik mozioa, esanaz eskaera horrekin euskal gizartearen gehiengo zabal batek egiten duela, eta erakundeetara joaten ari direla horren alde egiteko. Aldi berean esan zuen mozioaren testua alderdi politiko guztiei aurkeztu zietela, EAJ barruan, “baina oraindik ez dugu haien erantzunik jaso”. Horren aurrean EAJk beste testu bat irakurri zuen, selekzioak onartuz, baina horiek ofizialak izan daitezen hiru puntuko bidea zein den azalduz: “Euskal federazioek ofizialtasuna onartzea, Espainiako federazioek ofizialtasun hori onartzea, eta nazioartekoek ere onartzea”.
Beste gaiak
Beste gaien artean, herriko eragileekin udalak egin dituen hitzarmenek hartu zuten garrantzia. Batetik, Girizia Mendi Taldearekin egindako akordioaren berri eman zuen udal gobernu taldeak, beste bost urtez lokala uzteko; Killirikupe Emakumeen Garapen eta formakuntzan aritzen den elkartearekin hitzarmena berritzea ere adostu zuten.
Garabide elkartearekin lehenegoz hitzarmena egingo du, bestalde, Oiartzungo Udalak, garapen bidean dauden herrialdeetako hizkuntza gutxituen komunitateei laguntzeko. Gainera, Euskal Fondoari 18.700 euroko ekarpena egingo dio udalak, Saharan garraio azpiegiturak hobetzeko.
Maiatzeko protokolo gastua 49 eurokoa izan zen.