Arbesen aparkalekua, Landetxa-Kateako pilotalekua estaltzea, Puianan baratze parkea ahalbidetzea, Artaleku eta Luis Mariano arteko igogailua eta ikasturte hasierako familientzako laguntza programa martxan jartzea dira besteak beste kreditu modifikazioari esker garatuko diren proiektuak. Asteazkenean onartu zuen Irungo Udalbatzak kreditu modifikazioa, denen aldeko botoekin, EH Bilduren Udal Taldearenak ezik.
Santano eta Paez udalbatzarraren une batean
Arbesen aparkalekua, Landetxa-Kateako pilotalekua estaltzea, Puianan baratze parkea ahalbidetzea, Artaleku eta Luis Mariano arteko igogailua eta ikasturte hasierako familientzako laguntza programa martxan jartzea dira besteak beste kreditu modifikazioari esker garatuko diren proiektuak. Asteazkenean onartu zuen Irungo Udalbatzak kreditu modifikazioa, denen aldeko botoekin, EH Bilduren Udal Taldearenak ezik.
Lehenik eta behin, Landetxa-Katea auzoko bizilagunekin duten “zorra historikoari” aurre egiten hasi nahi dio udal gobernuak eta lehen esku hartze gisa, pilotalekua estaliko dutela onartu zuten. Era berean, Arbesko Errota eremuan aparkalekuen antolamendu planari ekin nahi dio eta horretarako, 275.000 euroko partida onartu zuen udalbatzak. Lan horien ondotik kirol azpiegitura bat ere egingo dutela jakitera eman zuen atzo Jose Antonio Santano alkateak, “Pinudian edo Landetxan egin bezala”.
Bestalde, ikasturte hasieran liburuak erosteko familientzako laguntza plana ere onartu zuen udalbatzak. 310.000 euroko diru laguntzak bideratuko ditu denera tokiko gobernuak. “Oso kontent” agertu zen alkatea puntu honekin, “urteko momentu zail batean familiak lagundu ahal izango ditugulako”.
Diru laguntza horiek eskatu ahal izateko araudian lan egiten ari direla adierazi zuen halaber Santanok, eta printzipioz, errenten araberako laguntzak aurreikusi dituztela azaldu zuen. Sistema horren proposamena Juana de Bengoechea PP Udal Taldearen bozeramaileak egin zuen asteazkenean.
EH Bilduren Udal Taldea kreditu aldaketaren aurkako jarrera erakutsi zuen udalbatzarrean. Izan ere, lehentasunak kritikatu zituzten abertzaleek, eta Ficobara 14.00 euro bideratzea lehentasuna ote den galdegin zion alkateari Oinatz Mitxelena bozeramaileak. Arbesko aparkalekuaren inguruan “bat egin ez denean, beste bat egiteko proiektua onartzea” leporatu zion era berean Mitxelenak tokiko gobernuari eta Puianako baratzeen inguruan eredu “sinpleagoak” gara daitezkeela adierazi zuen.
Bukatzeko, EAJ eta Bilduko bozeramaileek tokiko gobernuaren jarrera aldaketa txalotu zuten, orain arte proposamen itxiak aurkeztu izana kritikatu baitzuten.